Sailburuak bere sailak antolatutako ´Gaur egungo familia eta etorkizuneko aukerak´ izeneko biltzarra inauguratu du Gasteizen, eta hitzeman familia eta lana bateragarriak egiteko laguntzak bultzatzen jarraituko dutela
Gaur goizean, ´Gaur egungo familia eta etorkizuneko aukerak´ biltzarraren inaugurazioan, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak adierazi duenez, “gaur egungo familiaren erronka eta bere etorkizuneko aukerak bermatzeko ezinbestekoa da honako gaiak sakon lantzea: ongizatea, elkartasuna eta elkarrekiko errespetua´.

Gizarte osoak zein erakunde publikoek ―horren parte diren aldetik― badute zerikusia erronka horri eustearekin. Ildo horretatik, nabarmendu duenez, ´biltzar honen helburua da eztabaida sustatzea eta irtenbideak bilatzen laguntzea; taburik, konplexurik, estereotiporik eta aurreiritzirik gabe, zabal-zabalik´.

Azkarragak azaldu duenez, “gaur egun, XXI. mendean murgildurik gaudela, familiaren kontzeptua ez da orain dela hogeita bost urte zena, eta zer esanik ez orain dela berrogeita hamar urtekoarekin alderatzen badugu´. Esan duenez, ´hirugarren milurteko familia ez da gure aiton-amonena, ezta gure gurasoena ere; are gehiago: gurea baino, gure seme-alabena da. Nahiz eta zenbaitek faltan egiten duten baita hemeretzigarren mendeko familiaren zorroztasuna ere, familiaren aldaketa, bilakaera hori, ez da okerrera izan, baizik eta hobera egindakoa. Eta, nolanahi ere, gustatu ala ez, errealitatea da´.

Sailburuaren ustez, ´gaur egungo familia-moten aniztasunak (senar-emazteak seme-alabekin, guraso bakarreko familiak, seme-alabak dituzten izatezko bikoteak, nukleo askoko familiak) edo seme-alaben izaerak (biologikoak edo adoptatuak), esate baterako, premia eta erantzukizun berriak dakartzate, eta horren aurrean gizarte-eragileek, eta, nola ez, erakunde publikoek erantzun behar dute´. Eszenatoki horretan ´premiazkoa da aniztasun horri erantzuna ematen dieten baliabideak jartzea, betiere honako premisarekin: familia-eredu bakoitzari bere ezaugarriei eta premiei dagozkien irtenbideak eskaini behar zaizkio´.

Familia-ereduak anitzak izanik ―hori primeran islatu baita gure sailak egindako eta orain dela gutxi Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako txostenean―, dagoeneko erabilera anitzeko errezetek ez dute balio ―nozbait balio izan badute―; ez dago, beraz, euren artean zerikusirik izan gabe ere errezeta bera kasu guztietarako erabiltzerik. Eta ez dute balio, ez baitira errealistak, ezta eraginkorrak ere´.

Erronka horri erantzuteko, Azkarragak azpimarratu duenez, “iaz, Eusko Jaurlaritzak abian jarri zuen, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bidez, seme-alabak dituzten familia guztiei laguntzeko plan bat, euren konfigurazioa eta tipologia alde batera utzita ´. Gogorazu zuen bezala, plan horren aurreneko urtean ia 45 miloi euro baliatu ziren seme-alabak dituzten familiei diru-laguntzak emateko eta familia eta lana bateragarriak egiteko; hala, 2002an, 12.000 familiak baino gehiagok jaso zituzten laguntzok, eta aurten 15.000 inguruk hartuko dituzte.

Sailburuak azaldutakoaren arabera, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren helburu nagusia da ´zenbait gai lantzea: familia-errealitate berriak, jaiotze-politiketan aginte publikoek duten eginkizuna, familiaren kideen arteko harremanen izaeraren aldaketa edo afektibotasunaren garrantzia´. Eta, horretarako, ´modurik onena da egoera horiek guztiak batera, baina zehatz-mehatz, ikertzea ―esan duenez―, horren ondoren irtenbide jakinetan gauzatuko den diagnostikoa egiteko´.

Azkarragak adierazi duenez, ´gaur egungo familia gero eta kontzeptu poliedrikoagoa da, errealitate ugari eta anitzak elkartzen dituena´. Horri dagokionez, bereziki nabarmendu ditu familia eta lana bateragarriak egiteko laguntzak. Ikerketa horren harian azpimarratu duenez, iaz abian jarritako planen bitartez 2.601 langilek 6 miloi euro jaso zituzten 2002an, diru-laguntzen moduan, eszedentzia edo lan murrizketa hartzeagatik.

Gogorazi zuen, gainera, 651.000 euro eman zitzaizkiela enpresei, laguntza horiek hartu zituzten pertsonak ordezkatzeko langileak hartu izanagatik. Orobat, horren ondorioz, 290 lanpostu sortu ziren. “Sailaren asmoa da, baita nirea ere, familia eta lana bateragarriak egiteko urratutako bidea zabaltzea´, adierazi du.

Seriotasunez eta demagogiarik gabe

Azkarragak adierazi duenez, erakunde publikoek lagundu behar diete familiei ´demagogiarik eta su artifizialik gabe. Seriotasun osoz eta ez hauteskundeak datozen bakoitzean efektu-kolpeak eginez´. Ildo horretatik, azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak 2002a eta 2005a bitartean 289,6 milioi euroko (439, zerga-kenketak barne) laguntzak sartu ditu aurrekontuetan; eta oso bestelakoa da, berriz, Estatuaren egoera, han ez baitago aurrekontu-aurreikuspenik ere, gogorazi du.

Orobat, biltzarkideei egindako azalpenean bi kezka azaldu ditu. Hona lehena: ´gizarteak oro har ez du behar bezala baloratzen zer ekarpen handia den gizartearen aurrerabiderako seme-alabak izatea. Horrek dakarren eskaini beharreko denbora eta ahalegin pertsonala ¾hau da, sakrifizioa eta familiak jasan behar duen kostu pertsonala, baita erosteko ahalmenta gutxitzeari dagokionez ere¾, eta komunitatea horren guztiaren onuraduna da´.

Bigarrena: “kasu gehienetan gizonak ez du aitortzen (eta aitortzen badu, ez du koherenteki erantzuten) emakumeak egin behar duen erantsitako ahalegina familian eta etxetik kanpo egiten dituen lanak bateragarriak izan daitezen´. “Semea edo alaba zaintzeko lanaldia nork murriztuko edo eszedentzia nork estatuko erabakitzerakoan, ia beti ―beti ez bada― emakumeak egiten du urratsa. Aurrera bagoaz ere, familiak gai batzuk gainditzeke ditu oraindik: aukera berdintasuna eta diskriminaziorik eza´, salatu du.

´Horiek eta beste gai anomalo batzuk elkarrekin eztabaidatzeko balio behar du biltzar honek. Bakoitza bere ikuspuntutik eta bere jakinduria-eremua helduta´, amaitu du.

Jatorria: Joseba Azkarraga