2020ko ikasturte ahaztezin hau zurrunbiloka hasi da gure herriko hainbat tokitan. Egia da pandemia, konfinamendua, jai ez diren jaiak eta opor desberdinak baldintzatutako egoera ez dela atsegina, ezta kudeatzeko erraza, baina hori ezin da aitzakiarik izan.
Egia da hain egoera berri eta konplexuan egonda, lana oso zaila dela; hala ere, klaserako itzultzearen ardura prestatzea duten erakunde nagusiek aurreko ikasturtea amaitu zenetik izan dute hori eta Covid 19aren bigarren olatua prestatzeko aukera, eta ez dute egin. Bai, baieztapen hau zorroztasunez egin daiteke errealitateak baieztatzen duelako: ez da egin.
Eusko Alkartasunatik ez dugu zalantzan jartzen Hezkuntza langileek, online klaseetako hilabeteetan ahalegin handia egin dutenek, ikasturte hasieran greba batekin erantzun badute EAEn, egoeraren inguruan arreta erakartzeko helburuarekin izan dela. Beste horrenbeste esan daiteke osasun-sektoreko langileei buruz: arratsaldeko 8etan txalokatzen genituen heroi horiek ez dira Eusko Jaurlaritza sortu berria izorratu nahi duten bilauak bihurtu.
Arazo nagusia abiapuntua da, eta oso ahulduta dagoen sektore publiko batetik abiatzen gara. Sektore publikoa aspalditik ari da estresaren eta haustura-arriskuaren sintomak islatzen, kudeaketa txarraren erruz. Egoitzetako langileen grebak, erakundeek iragarritako LEP masiboak, asteburuetan osasun-zerbitzuak ixtea, etab., dauden arazoen sintomak dira.
Hego Euskal Herrian sektore publikoko langile guztien % 40 behin behinekoak dira. EBn, sektore publikoan lan egiten duten langileen batez bestekoa % 20koa da; EAEn, berriz, 12ra baino ez da iristen. Eta zer esan eskuinak urteetan sistematikoki desegindako Nafarroako osasun sektore publikoaz? Aurreko legegintzaldian sistema berreskuratzeko ahaleginak egin ziren arren -medikuntza ikasketak unibertsitate publikoan egin ahal izatea bezala-, nafar sistema publikoak gabezia nabarmenak ditu, eta orain Euskal Herrian desprestigiatutako Armada bezalako erakunde batekin arindu nahi dira. Benetan armadaren beharra dute Covid-aren arakatzaile lanak egiteko?
Sektore publikoaren diseinu hori erabaki ideologikoen arabera eraiki da, ez da diru faltaren emaitza. Politika berdinak garatzen jarraitzea ez da aukera baliagarria egun. Borondatea eta ideiak behar ditugu. EA eta EH Bildutik bien ekarpena egingo dugu, esan dugun bezala ez baita diru kontua, lehentasun kontua baizik. Izan ere, Ertzaintzan, adibidez, ez dago behin behinekotasunik, eta partida batzuk ez dira inoiz murrizten: gogoratu bestela konfinamenduaren gogorrenean ere Arantza Tapiak Madrili eskatu ziola AHTaren finantzaketa ez mozteko. Lan horiek egiteko dirua, ez dezagun ahaztu, Eusko Jaurlaritzak aurreratzen du, egunen batean Madrilek ordainduko dituelakoan, lanak Estatuarenak izanda hari baitagokio dirua jartzea. Bide batez, AHT ez dela gehiengo sozialaren lehentasuna esan beharko genuke.
Horregatik, une honetan begi bat hemen eta orain jarrita, eta beste bat epe ertainean eta etorkizunean jarrita lan egingo duten politikariak behar ditugu. Alde batetik, argi dago Covid19, urteroko gripea eta katarroak gainerako gaixotasunekin batera biziko diren udazkenari eta ikasturtearen beharrei erantzun behar zaiela, eta egoera horrek osasun-langileen lana asko zailduko duela.
Hego Euskal Herriko sektore publikoaren diseinuak ez du emaitza onik eman: aldaketa garrantzitsuak planteatu behar dira eta bide horretan exekutiboek laguntza izango dute, gurea, urrutira joan gabe. Bestalde, sektore publiko indartsu bat dugun etorkizuna eraiki behar da, etorkizuneko erronka berriei hobeto erantzuteko. Erronka berriak etorriko dira.
Horregatik, kritikatzea eta protesta egitea beharrezkoa eta zilegi da, noski, baina baita, eta batez ere, ekarpenak egin behar dira. Hori izan da hezkuntzako eta osasuneko greba eta mobilizazioen jarrera: langileek ez dituzte beren lan-baldintzak edo soldatak hobetzea eskaerarik egin, ikasle eta pazienteentzako bermeak eskatu baizik. Hala ere, Eusko Jaurlaritza eta bere inguruarentzat EAJri kalte egiteko grebak izan dira.
Lakua eta Iruñeko gobernuek ezin dituzte bakarrik aurrera eraman dituzten erronkak. Auzolana -oposizioa sindikatu eta gizarte eragileekin batera- beti da aukerarik onena; oraingo honetan, gainera, beharrezkoa da. Inteligentzia politikoaren ikuspegitik ere gomendagarria da; izan ere, huts egiten badugu, denok huts egiten dugu, eta asmatzen badugu, ere.
Ezinbestekoa da gobernuek, oposizioa, sindikatuak eta gizarte-eragileak bizi dugun egoerari aurre egiteko beharrezkoak diren planak elkarrekin diseinatzea. Kontua ez da ateak zabalik izatea, EAJ-PSE Gobernu berriaren mantra bihurtu den esaldiak dioen bezala, ezta PSNk publikoki erakusten duen jarrera ona ere; borondate politikoaren eta aldatzeko prest egotea da kontua da. Gehiengo absolutuaz baliatzea gaindituko duen plan zabala behar dugu. EAJk eta PSEk/PSNk autogobernuaz hitz egiten dutenean, zeharkako akordioak bilatu behar direla azpimarratzen dute beti. Gure sektore publikoaren diseinuak ere akordio zabalak merezi ditu, eta herritarren ordezkaritza osoaren proposamenak entzutea.