EAk oraindik ez du erabaki. «Litekeena da», baina ziur ez daki EAE-ANV Arrasateko alkatetzatik kanporatzeko zentsura mozioa aurkezten bada babestuko duen edo ez. EAko presidente Unai Ziarretaren arabera, Isaías Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohiaren hilketa «mota horretako ekimenak aurkezteko moduko ekintza larria» da, baina baita «hausnarketa» sakona behar duena ere. Nolanahi dela, bere alderdiak Arrasateko Udalean ordezkaritza duten gainontzeko alderdiekin mozioa aurkeztea bideragarria den aztertuko duela iragarri du EAko presidenteak. EAE-ANVk zazpi zinegotzi dauzka Arrasateko Udalean, Ino Galparsoro alkate dela. Hiru zinegotzi ditu EB-Zutik koalizioak, launa dituzte EAJk eta PSE-EEk, eta bana EAk, PPk eta Arala- rrek. Zentsura mozioa aurkeztuz gero, gehiengo osoaren babesa beharko luke aurrera atera ahal izateko. Ziarretak ETBko El Punto saioan egin zituen adierazpenok, atzo. Arrasateko Udalean diharduten alderdien artean «harremanak etengabekoak» direla adierazi zuen eta mozioa aurkezteko aukerak egon badaudela esan zuen. Dena den, halako ekintza baten aurrean ikuspuntu guztiak kontutan hartu behar direla ohartarazi zuen. Halaber, mozioarekin aurrera egitea erabakitzen bada hura «egoeraren larritasunaz» bereizi behar dela adierazi zuen. EAE-ANVrekin batera gobernatzen duen gainerako udaletako egoerak Arrasatekoarekin zerikusirik ez duela esan ondoren, Ziarretak gogorarazi zuen EAE-ANVko ordezkariak boto-emaileek aukeratu dituztela.

Lotura: Lotura bisitatu
Jatorria: Unai Ziarreta