Herrizaingo sailburuaren agerraldia eskatu du Juanjo Agirrezabalak, “kasualitate handia delako Ertzaintzarekiko harremanaz arduratzen zen sailburuordea sindikatuekiko lan gatazka egoera batean, hain justu, ateratzea”.

Juanjo Agirrezabalak Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean, Administrazio eta Zerbitzu sailburuorde Ernesto Martinez de la Hidalga kargutik kentzeko arrazoiak azal ditzan. Jaurlaritzako bozeramaileak Martinez de la Hidalga gaur bertan kargutik kendu dutela baieztatu du goizean, eta EAko legebiltzarkideak behar-beharrezkotzat jo du Aresek bere erabakiaren inguruko azalpenak ematea, eta erabaki horrek Ertzaintzaren sindikatuekiko lan-gatazkarekin lotura duen argitzea.

Martinez de la Hidalgak Ertzaintzaren giza-baliabideak eta sindikatuekiko harremanak kudeatzeko ardura zeukala gogora ekarri eta gero, Agirrezabalak adierazi du “kasualitate handia dela sailburuordea Sailetik ateratzea Ares Ertzaintzaren Eguna bertan behera uztera bultzatu duen sindikatuekiko gatazka egoera batean, hain justu”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna