EAEko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saileko sailburuarekin LOU eta LOCE legeez hitz egin dugu. Bestalde, hauteskundeak gertu direla-eta, Eusko Alkartasunako Rafa Larreina alderdikidearen proposamenaz bere iritzia eman digu.
Unibertsitateko hainbat sektore eta eragile -irakasleak, ikasleak eta langileak oro har- hizpide harturik hasi dugu Anjeles Iztueta sailburuarekin gure jarduna. Sailaren ardura hartu zuenetik sektore hauekin izandako harremanen balorazioa eskatu diogu:«Sektore hauek oso gertu izan ditut betidanik, mundu horretan lan egina naizelako. Badakite haiengandik gertu egon naizela denbora honetan, eta ematen ari garen pausoak haien aldekoak direla. Batzutan pauso horiek ez dira berehala antzematen, baina gerorako irekitzen ari garen bideek izugarrizko garrantzia izango dute. Garrantzitsuena nora goazen jakitea da eta orain badakigu nora goazen».

Bestalde, EHUko errektoretzarekin -Manu Montero errektorea buru izaki- izandako gorabeheraz ere mintzatu gara. Garai batean «Unibertsitateek zeukaten baino diru gehiago gastatu zutela» esan zuen Eusko Jaurlaritzako Anjeles Iztueta sailburuak. EHUko errektoretzako kideak, berriz, haiek deskalifikatu nahi izanaz kexatu ziren:«Euskal Herriko Kontu Epaitegi Gorenak diktamen bat atera berri du. Honen arabera, EHUk datozen urteetarako konpromisoak hartu zituen dirurik izan gabe. Irakasleei diru-plusak ematen hasi ziren, adibidez. Areago, guk desegokitzat jo genuen baino are gauza gehiago deuseztatu du epai honek. Beraz, ez da Hezkuntza Sailak dioen kontu bat, Epaitegi Gorenak dioena baizik», adierazi digu Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak.

Espainiako Gobernuak LOU (Unibertsitate Lege Organikoa) onartu zuen abenduan. Nola gauzatuko du berau zure sailak EAEn?

Legea Eusko Legebiltzarrean uda aurretik onartzea nahi dugu. Lege hau bost puntutan gauzatuko da eta aurrerapauso izugarriak ekarriko ditu hezkuntza sisteman. Lehena: legeak euskal unibertsitate sistema Europan kokatzen du aurreneko aldiz. Irakasle eta ikasleen trukaketa eta mugikortasuna ahalbidetuko ditu. Bigarrena: euskal unibertsitate sistema gauzatzen du. Sistema publiko barruan dauden unibertsitateak euskaraz -edo Euskal Herriko kultura lantzen -ari diren beste unibertsitateekin lotzen ditu. Alegia, lege honek lurraldetasunari bidea irekitzen dio, baita munduan euskaraz ari diren beste unibertsitateekin lotu ere. Hirugarrena: eleaniztasuna kontuan hartzen du. Legeak euskara gure hizkuntza propioa dela dio. Euskara hizkuntza unibertsitario gisa garatu behar dela dio legeak, egundo ez baita horrela garatu izan. Beste hizkuntzek ere -gaztelania edo ingelesa, kasu- leku izan behar dutela dio. Laugarrena: kontratazioak egiteko malgutasuna eskaintzen du. Bide berri bat ireki du irakasleen kontratuak egiteko, funtzionarioen maila berdina eta mugikortasuna bermatuz. Bostgarrena: kalitatearen puntua da. Bide eta printzipio bat da. Kalitatearen irizpidea lantzen du kudeaketan, irakaskuntzan eta ikerkuntzan.

Euskal Adarreko kideek LOUren aurkako kritikak egin dituzte. Esaterako, legeak 150 «aditu»ren iritziak jasoko omen ditu, baina egunero lanean ari den eragileekin kontatu gabe.

Unibertsitatearen sistemaren beharrak aztertu ondoren hiru unibertsitateei (EAEko hiru campusak), hiru gizarte kontseiluei eta hainbat eragile eta sindikaturi emendakinak eskatu dizkiegu. Emendakin hauek jaso ondoren itxi dugu aurreproiektu hau. Oso lege gutxi egin dira horrenbesteko adostasunarekin. 150 aditu horien artean arlo guztietakoak daude: irakasleak, ikasleak eta arlo guztietako arduradunak orobat. Sindikatu guztiek eta Euskal Adarrekoek ere parte hartu dute. Kanpotik ikusita kritika asko jaso dituela dirudi, baina katalanek onartutako legeak kontrako jarrera askoz gehiago izan zuen eta Espainiako legeak zer esanik ez.

Legeak euskara espainolaren pare jartzen omen du.

Euskara gaztelaniaren azpian dago gizartean, zoritxarrez. Gure legeak, hala ere, euskarari trataera berezia emango dio. Hizkuntza propio gisa hartua izango da, neurri bereziak hartuko ditugu eta diskriminazio positiboa garatuko dugu euskararen alde. Zoritxarrez, zientzia, ikerketa eta hainbat gairen ezagutza maila ez daukagu nahiko garatuta euskaraz. Horregatik bultzada hori emango diogu.

Legeak ez duela Euskal Herria osoa kontuan hartzen esaten da, bestalde.

Hasteko, esan dezadan Euskal Herriak ez duela hau bezalako lege bat mahai gainean eduki sekula. Legerik aterako ez bagenu, Espainiako Legea izango genuke indarrean. Beraz, non egongo ginateke? Lege hau ateratzeak duen garrantziaz ohartu behar dugu. Euskarak, Euskal Herriak eta gure unibertsitateak ez du egundo halakorik izan. Lege honek irakasle propioaren aldarrikapenari heldu dio lehen aldiz. Irakasle kontratatuak eta funtzionarioak pare jartzen ditu. Aurreneko aldiz hogei urteetan, euskarak bere tokia izango du legez, irakasle propioak kontratatu ahalko dira euskaraz eta Euskal Herriko kulturaz ari diren beste unibertsitateekin harremana lantzeko aukera izango dugu. Ez bagara lege hau erabiltzeko gai Espainiako legea izango dugu mahai gainean, eta hori guztion ardura izango da. Gauzak pausoka egin behar dira, esparru honetan ere guztia nahi duenak ezer gabe gelditzeko pausoa emango du. Beharbada, batzuek nahiago dute Espainiako Legea indarrean izatea, nik ez. Guk nahiago dugu gure lege propioa indarrean izatea. Hau da, euskal unibertsitate sistemarako legea. Gure legeak ez du zer ikusirik Espainiako legearekin, lege hau ez dago besteari lotuta.

Alabaina, EHUko irakasle errepresaliatu gisa agertzen den kolektiboak, kasu, lege aurreproiektu hau LOU delakoaren albokoa dela dio finean.

Gezur borobila da hori. Irakasle hauek badakite aurreneko aldiz kontratazio bidea irekiko dela gure unibertsitatean, eskubide berdinekin ireki ere. Orduan, berriz diot, lege berriak gauzak aldatu eta hobetzeko aukerak ematen ditu. Bestela Espainiako legea besterik ez dago.

Bestalde, EHUko zenbait sektoreren iritziz, Arrasate eta Deustuko unibertsitate pribatuetako arazoez arduratuago zaude haien arazoez baino.

Gure sisteman diru iturri gehienak unibertsitate publikoentzako dira. Legeak, ordea, proiektu estrategikoak dituztenentzako ateak irekitzen ditu, Arrasate eta Deustuko unibertsitateentzako, adibidez. Zergatik ez diegu dirua eman behar unibertsitate hauei, euskarari edo Euskal Herriari buruzko proiektuetan ari badira? Edota munduko beste edozein unibertsitateri? EHUk Europako beste unibertsitateko proiektuetan parte hartzen du, eta horretarako dirua den bezala badago ere berrikuntza eta ikerketarako sarearentzako. Sare horretan edozein eta edonongo ikerketa talde batek -publikokoa nahiz pribatukoa- parte har dezake eta horretarako diru publikoa jartzen da. Nolanahi den ere, diru gehiena unibertsitate publikoak erabiltzen du, baina ez da ahaztu behar pribatuak ere gure sistema barruan daudela.

Abenduan UEUko II. Kongresua burutu zen, euskal unibertsitate propioa eratzeko bidean. Zer iritzi duzu ekimen honetaz?

Herri ekimen guztietan printzipio positibo asko dago eta guk gure lege hau egiteko horiek ere kontuan hartzen ditugu. Ekimen horretan ari diren askok parte hartu du lege hau egiteko. Uniekimena delakoan dauden printzipio asko oso baliotsuak dira eta kontuan hartu ditugu.

Beste maila batera etorriz, LOCE (Hezkuntzaren Antolamendu Orokorrerako Legea ) atera zen abenduan, DBH eta batxilergoaren erreforma ekarri duena. Zein da zure iritzia?

Kalitateko legea deitzen dioten lege hau atzerakoia da, ezberdintasuna bateratzeko asmoz egina da, Aznarren gobernuak beste gaietan erabiltzen dituen irizpide berberak erabili ditu gai honetan ere. Guk, esaterako, LOGSE zelakoa, Espainiako Legea izan arren, onartu genuen, lege aurrerakoia zelako, ezberdintasun eta aniztasunari trataera ona ematen ziolako.

Nola jokatuko duzue kasu honetan?

Aniztasunerako programa bat lantzen ari gara, behar berezietako ikasleak integratzeko programak dauzkagu eta ez dugu aldatzeko asmorik. Eta ez, nik, Hezkuntza sailburuak diodalako, baizik hezkuntza sisteman ari direnek ez dutelako nahi. Funtzionatzen duten arloak ez ditugu desmuntatuko. Berezitasun bezala, gainera, guk, aurreneko aldiz, batxilergoetan Euskal Herriaren historia ikasgai hautazko bezala jarri dugu. Espainiako Hezkuntza Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak ez dute begi onez ikusi eta gure kontra sartu dira, baina guk aurrera egingo dugu. Azken 20 urteetan batxilergoan ez da dekretu legez hau bezalako ikasgai bat onartu.

Ez al duzue, LOU delakoaren kasuan bezala, lege bat atera behar?

Ez gaude horretara behartuak. LOCE delakoak ez gaitu bere ildoak garatzera berehalakoan behartzen. Guk geure arautegia aterako dugu, ikastetxearen autonomia indartuko duen arautegia gauzatzea pentsatzen ari gara. Ikastetxeen autonomia bermatzeko ikastetxeko arautegia edo lege propioa deitu daitekeena. Denbora daukagu eta ondo funtzionatzen ari dena ez dugu guk deuseztatuko, nahiz eta Madrilek horretara behartu nahiko gaituen.

«Oinarrizko lege hauek gainean jartzen badizkigute eta gure Estatutuarekin bat ez badatoz, guk gurea egin beharko dugu» esan zenuen behin.

Gurea egite horretan funtzionatzen duten gauzak utzi eta hobetu behar ditugun gauzak aldatuko ditugula ulertu behar da. Horregatik, ikastetxe bakoitzeko arautegia lantzea da gure asmoa, gure arautegiaren arabera legea gure beharretara egokitu nahi dugu oraingoz. Eta beharrezkoa balitz beste lege bat osatuko genuke. Historia ikasgaiarena adibide bat da. Nahiz eta Madriletik interpelatuak izan garen, guk Madrileko Gobernuari erantzuten diogu hautazko ikasgai bat dela. Legez ezin dute deuseztatu aukera hori, eta gainera, beste ikasgaiak bezala berau curriculumerako baliagarria da

«EAn Rafa Larreinaren proposamenaren printzipioetan sinesten dugu»

Abertzaleen arteko topagune bat aldarrikatu izan ohi duzu. Zer-nolako azterketa egiten duzu bizi dugun egoera politikoaz, «Egunkaria»ren itxiera eta Batasunaren legez kanporatzea gertatu ondoren?

Adierazpen askatasuna guztiz urratzen ari da Madriletik, demokrazia-eskasia dago. Baina, demokrazia falta dagoenean demokraziaren bidea inoiz baino tinkoago indartu behar dugu, eta bide horretan, giza eskubide guztiak bermatu. Adibidez, Irakeko gerrari bere izenez deitu behar zaio. Hau da, Euskal Herrian giza eskubideen eta adierazpen askatasunaren faltaz hitz egiten dutenak, Aznar eta PP alderdia, demokraziaren aurka ari direla salatu behar dugu ozen. Halaber, abertzale guztiok ETA desagertu dadila tinko adierazi behar dugu. ETA ez balego abertzaleok topagune hori antolatu genezake. Bada garaia argi hitz egiteko eta isilean esaten dena ozen esateko. Hau da, ETAk mesede handiena Madrili egiten diola eta batasuna oztopatzen duela. Nik abertzale guztion batasunean sinesten dut.

Adierazpen askatasunaren urraketa aipatu duzu. AuBk edo antzeko plataforma batek aurkezterik ez balu, hauteskundeak bertan behera uztearen aldekoa izango zinateke?

Era baketsu guztiak, bide demokratiko guztiak erabiliz, herri honetako aukera guztiek leku izan behar dute hauteskundeetan. Batasunak elkarlanean aritzea aipatzen du, baina horretarako giza-eskubide guztien urraketa ematen dela onartu behar du.

Desobedientziaren jarreren alde agertu izan zara inoiz. Botere gune batetik zaila dirudi desobedientzia garatzea.

Desobedientziaren bidea ez da erraza behin ere. Hala ere, lehen-lehenik, gure adierazpen askatasunaren eta bizitza errespetuaren printzipioak bermatu behar ditugu, baita aukera guztien botoa bermatu ere. Gerra egoera honek ordea, muturreko joerei bakarrik egiten die mesede. Nik behingoz ez dugula ez Aznarren ez ETAren inposaketa nahi entzun nahi dut. Guztiz bat nator Rafa Larreinarekin. Abertzaleok ados jarriko bagina berak egindako proposamenean, beste eszenatoki batean ginateke, zorioneko eszenatoki batean.

Proposamen horri berritasunik ikusten diozu? Ez al da hauteskunde garaiko proposamen soila?

Ez. EAn proposamenaren printzipio horietan sinesten dugu, berauek errealitate bihurtuz gero beste eszenategi batera pasa gintezke. Puntu horiek onartuz gero biolentziaren egoera gaindi genezake, urrats hori ematea beste eszenatoki batera pasatzeko aurreneko baldintza da, abertzaleon arteko topagune hori gauzatzeko eta elkarlanean aritzeko aurreneko baldintza da. Egia da, hori ezin da egun batetik bestera gauzatu, besterik gabe, baina Rafa Larreinak planteatu bide horretatik aurrera egin daiteke.

Zer falta da orduan?

Politikoek gehiago hitz egitea. Ez dut hitz egiten ez dugunik esan nahi, baina are gehiago saiatu behar dugu oinarrizko printzipio horietan konponbideak bilatzen. Egia esan, denbora askorik ez zaigu gelditzen. Ez dugu denbora galtzerik, herri honen gatazka konpontzeko denbora urrea da. Espero dut herri honetako jende gehienek begiak irekiak izatea. Ezin dizkiogu bizi dugun errealitate gogor honi begiak itxi

Jatorria: Anjeles Iztueta