Eusko Legebiltzarraren ekimena aurkeztu du Diputatuen Kongresuan Eba Blancok, amiantoarengatik kaltetutako pertsonak konpondu eta aitortzeko lege-proposamena aintzat hartzeko

Eba Blanco, Eusko Alkartasunako idazkari nagusi eta Eusko Legebiltzarreko bigarren presidenteordeak amiantoaren biktima guztiei konpentsazio funts baten bidez ordaina emateko beharra aldarrikatu du Diputatuen Kongresuan. Blancok, Eusko Legebiltzarrean aho betez hartutako akordioa defendatu du Madrilen eta gai horren inguruko hasierako ekimena Juanjo Agirrezabala, Eusko Alkartasunako legebiltzarkideak aurkeztu zuela gogoratu du. Eusko Legebiltzarraren babesarekin aurkeztutako ekimena onartu egin da Kongresuan.

“Amiantoaren biktima guztiek jasotako kaltea konpontzeko garaia da”, adierazi du EH Bilduko legebiltzarkideak, eta joan den legegintzaldian sortutako lantaldearen lanei berrekiteko eskatu du, “adostutakoa balorean jarrita eta desadostasunak baztertuz, atzerapenak saihesteko”. Kaltetuen elkarteek egindako lana eskertu du Blancok, “beraiei esker, lanean hasi eta hamar urte geroago, euren helburuak lortzeko ahaleginak jarraitzen duelako”.

Blancok emandako datuen arabera, 825 pertsona hil dira amiantoaren eraginagatik 1999az geroztik Hego Euskal Herrian, ia 7.000 Estatuan, eta horiei asbestosi, biriketako minbizia eta gaixotasun arinak pairatu dituztenak gehitu behar zaizkie. Era berean, amiantoak “gutxienez 2023ra arte” jarraituko duela biktima berriak eragiten gogorarazi du, “ordurarte iraungo baitu latentzia-aldiak”. Horregatik, “amiantoak gure artean jarraitzen” duela gogoratu du, “duela urte batzuk debekatu bazuten ere, osasuna kaltetzen jarraitzen du”.

IMG-20210413-WA0005

IMG-20210413-WA0004

IMG-20210413-WA0003