Estatutuek tokiko eta nazional eremuei emango diete protagonismoa, eta Ponentzia Politikoak alderdiaren izaera independentista, sozialdemokrata, europazalea, feminista eta ekologista indartuko du

Iker Ruiz de Eginok, Eusko Alkartasuneko bozeramaileak, eta Leire Pinedok, Biltzar Nagusiaren Prestaketa Batzordeko lehendakariak, Eusko Alkartasunak “Alkar zainduz” lelopean 2022ko otsaila-martxoan egingo duen Kongresua aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan. 13. Biltzar Nagusia Araban egingo da eta afiliazioak datorren astean hasiko du ponentzien eztabaida eta konpromisarioen hautaketa.

Pinedok “koronabirusak areagotutako krisiak elkarrekiko zainketen garrantzia areagotu duela gogoratuz” azaldu du Biltzar Nagusirako aukeratutako leloa. “Hori da gure ponentzia politikoaren muina eta Biltzar nagusiaren irudia. Bizitza zaintzearen garrantzia”, adierazi du. Euskal gizarteari zuzenduta dago eta baita Eusko Alkartasunaren afiliazioari ere, “alderdi barruan beti eztabaidatu du, baina azken lau urteetan eztabaida gehiegi garraztu da”. Horregatik, leloak eta irudiak alderdiko kideak eta alderdia bera zaintzeko eta errespetatzeko deia ere egiten dute.

Prestaketa-batzordeko presidenteak azaldu duenez, estatutu-txosteneko oinarriek “tokiko eremua eta nazionala alderdiaren erdigunean jarriko dituzte”. Eusko Alkartasuna independentzia, elkartasuna eta LHLren desegokitasuna defendatzeko sortu zen, eta horrela eraikiko da alderdia, Eusko Alkartasuna nazio eraikuntzaren eredu izan dadin”.

Iker Ruiz de Egino, Eusko Alkartasunako bozeramaileak Ponentzia Politikoaren gakoak azaldu ditu. Testuak alderdia indartzen du “independentzia, ezker eraldatzailearen sozialdemokrazia, europeismoa, feminismoa eta ekologismoaren” bidetik.

2021ekoa eguneratzen duen ponentziaren gakoak honako hauek dira:
- 2021eko Europan inoiz baino beharrezkoagoa den sozialdemokrazia.

- Inor alde batera utziko ez duen bizitza duin eta bidezkoa zaintzeko beharrezkoak diren printzipio demokratikoak.

- Euskal errepublika eraikitzeko ezinbestekoak diren balioak.

- Euskal nazioa. Euskal Estatuak Europan izango duen tokia.

- Beste nazio eta herriekiko harremanak, europarzaletasunetik ikusita.

- Euskal Herria Bildu eta Euskal Herria Bai erakundeetan parte hartzeko modu eta eredu berriak.

PA Biltzar Aurkezpena Presentacion Congreso EA

IMG-20211030-WA0000