Onintza Lasa
Espainiako Gobernuak EAEko aurrekontuei Auzitegi Konstituzionalean helegitea
aurkeztu zien egunean aritu ginen EAko komunikazio arduradunarekin. Eusko Jaurlaritzaren
urte bateko agintaldia bete da aste honetan eta horixe izan genuen elkarrizketaren
abiapuntu.

Eusko Alkartasuneko kide batekin mintzatzean, hirugarren bide politikoaren aukeraz
galdetzeak tiratzen du, ordea. EAJ eta Batasunaren arteko espazio hori gauzagarria
ikusten ote den galdetu diogu Onintza Lasari: «Bizi dugun gatazka politikoari
irtenbide bat emateko espazio hori behar bezain beste ireki behar dela uste
dut. Baina berau gauzatzeko, EAtik giza eskubideen premisatik abiatzen gara.
Abertzale erradikalak bezain demokratikoak garen bitartean, bide horretan barrena
lan egin daitekeela uste dugu. Bide horretatik lanean aritzea baikorra eta beharrezkoa
da. Betiere, helburuak eta bideak zeintzuk diren argi planteatuz, bide demokratikoak
alegia».

Aste honetan, urte bat betetzen da EAEko hauteskundeak burutu zirenetik.
Zein da Eusko Jaurlaritzak daraman politikaz zure balorazioa?

Hauteskundeetara eraman zen programak bere bidea segitzen du, eta pixkanaka
bada ere -oraindik ez dira lau urteak bete- pausuak ematen ari gara. Aurrekontuak
onartzeaz gain, esate baterako, bakearen aldeko eta autogobernuari buruz monografiko
bana burutu dugu Eusko Legebiltzarrean. Oraindik ere ikustear dago zer eman
dezakeen honek guztiak.
Maiatzaren 13ko
hauteskundeen garaipena gogoratzen bada ere, komeni da berauek burutu aurretiko
egoera zein zen gogoratzea: hauteskundeak erreferendum moduko bat izan ziren,
Euskadi eta Espainiaren arteko plebiszitu bat, nolabait. Orduan, horiek horrela,
ekimenak aurrera eramaten ari dira. Herritarrei gehiago egitea gustatuko litzaiekeela?
Jakina. Baina zoritxarrez, bizi dugun egoeran ezin da gauza gehiago egin; edo
ondo egin, behintzat.

Juan Jose Ibarretxek ez bide du autodeterminazioari buruzko erreferenduma
egitea posible ikusten. Zuk erreferenduma edo kontsulta egiteko aukera ikusten
duzu? Noiz eta nola planteatu beharko litzateke?

Nola ez dakit, baina planteatu beharra dagoela argi dago.

Legealdi honetan?

Baldintzak ematen direnean. Kontuan hartu behar dugu ez garela egoera normalizatu
batean bizi. Ez gaude, alde batetik, zoritxarrez, biolentzia egoera batean bizi
garelako, ezin dugu hori ahaztu. ETAren ekintzek herri honetako bizitza deformatzen
dute erabat, hori horrela den bitartean zaila da kontsulta bat egitea. Beste
aldetik, beste muturrean PP eta Espainiako Gobernua etengabeko erasoan ari zaizkigu
egunero. Komunikabideen gehiegizko erabilera egiten dute egunero, Espainiako
hedabideek burutzen duten manipulazioa erabateko da. Zentzu honetan, EAri ez
zaio bere diskurtsoa ahalbidetzen uzten, gure mezua ez da garbiki iristen, gure
proposamenak desitxuratuak eta okertuak azaltzen dira. Egoera sozial honetan
ezin diegu gure mezua eta planteamendua garbi azaldu herritarrei, hitz batez,
gure arrazoinamenduak agertu. Zaila da kontsulta bat egitea.

Beraz, aukerarik ez kontsultarako?

Une honetan ez dut ikusten, baina komeni da berandu baino lehen egitea. Hala
ere, gogora dezagun, autodeterminazioa herri honi dagokion eskubide bat dela.
Beraz, kontsulta egiteko zein galdera egin behar den plantea daiteke, baina
autodeterminazioari buruzko eztabaida antzua da. Eskubideak, dira edo ez dira.
Kasu honetan, autodeterminazioa herri honen eskubidea da. Ez dugu eskubide hori
noiz aitortuko zaigun zain egon beharrik.

ELAk bere proposamena egin du, eta autodeterminazioari buruzko galdeketa
posible ikusten du epe laburrean. Gainera, ez du derrigorrezkoa ikusten distentsioa
ematea.

Nik begi onez ikusten dut ELAren proposamena, oso balorazio ona egiten dut proposamenaz.
Guk proposatzen duguna agertzen du, hau da, egungo marko juridikoak ez du gehiagorako
ematen, eta aurrera egin behar dugu. Bide demokratikoak hobesten ditu, eta horretarako
jendearen gehiengoaren babesa lortzeko pausuak emateko beharra aipatzen du.
Hala ere, aurreko esperientzietatik ikasi behar dugu eta helburuak lortzeko
pausuak nola eman ondo pentsatu beharko dugu. Ezin dugu, berriz ere, esaterako,
kontsulta bat burutu, irudikerietan gelditzeko. Lizarra-Garaziko Akordioaren
bidean ez genuen asmatu, eta ez genuke, berriz ere, halako kontsulta bat zapuzgarria
izatea nahi.

Lizarra-Garaziko Akordioaz geroztiko aroa bigarren trantsizio gisa ulertzen
al da zure ustez? Edo ez, prozesu hura eten egin zen eta kito?

Orain denari trantsizio esaten zaio, ez dakit egokia den. Egia da, Lizarra-Garaziko
Akordioak herria ukitu zuela, jendeak aurrera egiteko modua ikusi zuen, esperantza
bat piztu zitzaion. Ordea, aukera hura bat-batean zapuztean -erantzule zuzena
ETA izan zelarik- jendea eta herria lekuz kanpo geratu zen, eskema hautsi zen,
nolabait. Ezin dugu amore eman, hala ere. Ez dakit trantsizioa den, agian prozesu
bat bezala ikusi beharko genuke, tunel baten barruan gaudela, argia beste muturrean
dagoela eta argi hori topatzera irits gaitezkeela pentsatu.

Pausuak ematen ari dira horretarako?

EAEko azken hauteskundeetakoa berealdiko unea izan zen prozesu honetan. PP,
PSE-EE eta Batasunaren gogoeta ekarri beharko lukete emaitza haiek. Gizarteak
zer nahi duen ikusi behar dute: herrigintzari bai, bakeari bai, eta herri bezala
gure eskubideak onartzeari ere bai. Inposiziorik ez, ez ETAren aldetik ez alderdi
espainolisten aldetik. Eskema hori argitzen eta indartzen bada, aurrera egingo
dugu prozesu honetan.

Artean, prozesua nahasia agertzen da. EAJk PSErengana hurbiltzearen alde
egiten duen bitartean. Zuek, berriz, AB, Aralar, Zutik eta Batzarre aldera hurbiltzen
ari zaretela ematen du.

Lehenbizi, zehazpen bat. EA ez da AB, Aralar, Zutik eta Batzarrerengana hurbildu.
EAk betidanik defendatu izan ditu alderdi horiekin sinatu duen agiriaren printzipioak.
Gu ez gara mugitu, gerturatu direnak besteak izan dira. Hori garrantzitsua da
azpimarratzea. Izan ere, guk bere horretan mantentzen ditugu gure jarrerak,
gu ez gara inorengana joan, ez ditugu gure tesiak aldatu. Oso pozik ikusten
dugu beste talde batzuk gurekin bat egitea, pixkanaka bada ere.

Zuk zeuk EAJrekin eta ezker abertzaleko taldeen artean aukeratu beharko bazenu,
zeinen alde egingo zenuke?

Nik alderdi independentista eta gure herria munduan herri bat izateko eskubidearen
defentsa egiten duenaren alde egingo dut, betiere, hori lortzeko bide demokratikoak
argi dituenarekin.

Hori EAJ al da?

Hori beraiek esan eta erakutsi behar dute. Nik ez dakit. Nik dakidana da, hori
argi eta garbi jasotzen dela gure estatutuetan.

Beste aukera argiago ikusten duzu, agian?

Gauzak ez dira txuri edo beltz. Gu AB, Aralar, Zutik eta Batzarrerekin orain
hasi gara lanean. Horrek ez du esan nahi beste alderdiekiko bideak itxiak daudenik
akordioetara iristeko. Ahalik eta jende gehiagorekin batzea hobe bake prozesua
indartzeko. Ekimen horretan ez dauden alderdiek atea irekita daukate, baina
argi izanik zein bidean ari garen.

Eudelen mozioaren inguruan gertatu denaz zer iritzi duzu? Batasuna baztertzeko
akordio bat al da, finean?

Zein da kontua? Testuak eta agiriak onartu behar al dira alderdi bat kanpoan
ez uzteko edo alderdi bakoitzak gogoeta egin dezan? Hau da, inorekin konpontzen
ez bazara, problema zu zarela pentsatu behar duzu. EAk Eudelek dioena defenditzen
du. Batasunak bera baztertzeko asmoa dagoela dio. Baina ez da horrela. Agiria
aniztasunaren defentsan egin da, giza eta bizitza eskubidearen urraketa pairatzen
duenarekiko elkartasunean. Orduan, ETAren biolentzia agertzen da, baina baita
torturaren salaketa edo eskubide guztien aldeko jarrera indartzea ere. Bere
burua agirian kokatzen ez duenak bere arazoak ditu.

Baina, antza, arazoa testuen interpretazioan datza. Gauza bat dira hitzak
eta erabilera beste bat. Testu horren arabera alkatetzak kenduko al zaizkio
Batasunari?

Hori da kontua, testuaren interpretazioetan dago gakoa. Baina, dirudienez, alderdiek
akordioak hartzen dituzte beren diskurtso politikoen alde egiteko, beren jarraitzaileak
beren alde hurbiltzeko. Ez dugu ahaztu behar, oraingo agiria joan den otsailean
burutu zen bileraren ondorengoa dela. Batasunak esaten du agiri honek berauek
baztertzeko egina dela eta bere legez kanpo jartze horrekin lotzen du. Diskurtsoak,
finean, alderdikerietan erortzen dira, Batasunaren nahiz PPren aldetik. Azken
hauek sinatu bai, baina Alderdien Segurtasun bilerara ez dira joaten. Orduan,
hemen bakoitzak bere erara agertzen du akordioa, hori da tristeena. Gauzak agiriak
esaten duen araberakoak dira. Bakea, demokrazia eta aniztasunaren aldeko defentsa
egiten duen agiri bat da. Bakoitzak ez du zergatik egin behar bere aldeko interpretazioa.
Ez da etikoa

«Botere judiziala
gobernuaren eskura pasatzen ari da, Francoren garaian bezala»

Espainiako Gobernuaren presidente Jose Maria Aznarrek helegite bat aurkeztu
Auzitegi Konstituzionalean Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen aurka? Zein da
zure balorazioa?

Berriro ere, argi gelditu da zein den PPren eta Aznarren gobernuaren jokabidea.
EAEko hauteskundeak irabazi eta Eusko Legebiltzarrean lanean hasi ginela urte
bat bete ondoren, PPren eguneroko erronka Jaurlaritzaren zeregina oztopatzea
da oraindik ere, herri honen gobernuaren lana Auzitegi Konstituzionalen aurrean
zalantzan jarri behar badu ere. Ohituta gaude. Azken helegite hau Eusko Jaurlaritzari
ahalik eta oztopo gehien jartzearen politika barruan kokatu behar da. PPk badaki
aurrekontuak EAEko eta gure politikaren oinarria direla, PPk gure herria egoera
zailean iraunarazi nahi du. Helegite hau elkarbizitza oztopatzeko aurkeztua
da, egoera baketsu posible baterako bideak mozteko. Helegiteak sumina sortarazten
du, komunikabideen baitan tentsioa eragiten du eta politikan dagoen soka tirabiratsua
areago tenkatzen du.

Bestalde, zer balorazio egiten duzu Alderdien Legeaz?

Itxura batez, Batasunaren ilegalizazioa gauzatzeko egina bada ere, lege proiektuak
Alderdien Legea aldatzea du helburu nagusia. EAri lege berria oso arriskutsua
iruditzen zaio, era faltsu batean gauzatzen ari dena. Hau da, lege horren kontra
egiten baduzu Batasunaren alde zaudela dirudi, mamu horiek sortzen ari dira
Madrildik. Legearen alde baldin bazaude, demokraziako partaide zara eta libre,
nonbait. Legea oso arriskutsua da demokraziaren baloreen aurka baitoa zuzen-zuzen.
Orain, alderdi bat legez kanpo uzteko asmoz egina bada ere, legeak aldebakarreko
interpretazioa izan dezake. Lege hori horrela irakurrita, seguritate juridiko
eza ekarriko du. Demokraziaren baloreetatik ikusita oso arriskutsua da, gainera,
eta ez du ezertxo ere konpontzen.

Normalizazio politikoa lortzetik urrun gaude, beraz?

Bai, baina kontua ez da Batasuna bai edo ez. Balore demokratikoen aurka doan
lege bat bezala ikusi behar da. Ez du ezer konponduko, aitzitik, are gehiago
zailduko du egoera politikoa eta herri honen normalizazioa lortzetik urrunduko
gaitu. Iragan garaietara itzultzen ari gara. Botere judiziala gobernuaren esku
pasatzen ari da, Francoren garaian bezala. Bere gehiengo osoaren bidez izugarriak
egiten ari da PP eta inboluzio politikoa ekar dezake. Halaber, ezin dugu Batasunak
jokatzen duen biktimaren rolean erori eta haien jarreraren aurka ezin ezer esan

BELAUNALDI BERRIKO
POLITIKARIA

Tolosan jaioa 1972an.
Bertan bizi da. Laskurainen ikastolan ikasitakoa. EHUko unibertsitatean (Leioan)
zientzia politikoa eta soziologia egin zituen, azken urtea Italian bukatuz.
EAko Batzorde Eragileko kidea, komunikazio arduraduna eta bozeramailea da. Gazte
Abertzaleak-eko partaidea izana eta desobedientzia zibilaren aldekoa. EAk Eusko
Legebiltzarrean kudeatzen dituen lau batzordeetan ari da legebiltzarkide hau.

argia.com

Jatorria: Eusko Alkartasuna