EH Bilduk eskatuta, bihar Eusko Legebiltzarrean, Diputazio Iraunkorrean, hain zuzen ere, egingo den eztabaidaren garrantzia nabarmendu du Juanjo Agirrezabalak, “behar-beharrezkoa delako euskal instituzioek EPPKren kontrako operazioa argi eta berehala arbuiatzea”. Info7 Irratiari eginiko adierazpenetan adierazi duenez, “operazio hori bake eta normalizazio prozesuaren eta giza eskubideen aurkako erasoa izan da eta oso garrantzitsua da Legebiltzarra ere horren kontra agertzea”.

Erasoaren tamaina kontuan hartuta, EAko buruzagiak uste du pasa den larunbateko manifestazio erraldoia “ezinbesteko erantzuna” izan zela. Horren ildotik, pozgarritzat jo du euskal gehiengo politikoa eta sindikala Bilbon bat egiteko gauza izatea, “horixe baita jendeak eskatzen diguna”. Horregatik, larunbatekoa abiapuntua izan dadila espero du, eta ez dadila argazki horretan soilik gera. Bere esanetan, “orain urrats gehiago eman behar ditugu bide horretatik eta guztiok neurria eman behar dugu”. Izan ere, “euskal gizarteak argi utzi zuen ez dagoela PPren gerra estrategia onartzeko prest eta aldaketak exijitzen dituela espetxe politikan”.