Blanco: “Euskal Herria ez litzateke gaur egun dena izango Eusko Alkartasunaren ekarpenik gabe, eta aurrera begira lanean jarraitzen dugu”
40 urte bete ditugu gaur, irailak 4, Euskal Herriaren nazio eraikuntzan buru-belarri lanean. Lau hamarkada igaro dira jada Carlos Garaikoetxea Urrizak 1986an EAJren zatiketaren ondoren alderdia sortu zuenetik, eta independentismo sozialdemokrataren erreferentziazko alderdia izaten jarraitzen dugu gaur egun.
40 urte emankor hauetan, beti defendatu izan dugu autodeterminazio eskubidea bide demokratikoetan oinarrituta. Zentzu horretan, bakegintzan eta normalizazio politikoan funtsezko eragile soziopolitikoetako bat izan gara. Erabakitzeko eskubiderako bilakaeran eragina izan dugu. Artikulazio politiko instituzionala bultzatu genuen, EAEko eta Nafarroako alderdi politiko ezberdinen arteko koalizio gobernuetan parte hartuz. Aitzindaria eta erreferentea izan gara justizia sozialaren arau-artikulazioan. Lizarra-Garazi akordioa bultzatu eta Ibarretxe Plana sustatu genuen. Egun EH Bildu denaren sustraia hazi genuen Sortu, Aralar eta Alternatibarekin batera. Ipar Euskal Herriko EH Bairen eraikuntzan parte hartu genuen. Berdintasun politikak eta zeharkako ikuspegi feminista sartu genituen aspaldi alderdiaren nortasun ikur gisa. Euskal kultura sustatu dugu beti, eta euskara ardatz duen hizkuntza politika propioa. Gure erreferentea Europako balio demokratikoak izan dira beti.
“Hemen jarraitzen dugu eta egunero jarraituko dugu nazio eraikuntzaren alde lanean, konplexurik gabeko independentistak gisa, nahiz eta hainbat frontetatik hainbat aldiz gu lurperatzen saiatu diren”, nabarmendu du Eba Blanco de Angulo gure idazkari nagusiak. “Agerikoa da gauzak asko aldatu direla lau hamarkadatan, baina gure printzipioek bere horretan jarraitzen dute. Batez ere, ahalik eta tresnarik eraginkorrena izatea gure nazioa estatu espainiar eta estatu frantziarretik independentea den estatu bat izatea lortzeko. Justizia soziala nagusi duen estatua, alegia”, gehitu du. Alderdiko buruzagiaren arabera, alderdia XXI. mendera eguneratzea da erronka, egungo gizartearen beharrei mesede egiteko, bai orain, bai etorkizunean. “Oso une txarrak pasatu ditugu gure zatiketa propioarekin eta barne gerrekin odolusten. Ez dugu gure erabaki guztietan asmatu. Hala ere, horren guztiaren gainetik, azken 40 urteotako gure herriaren politikan, aktiboki parte hartu dugu mugarri historiko gehienetan, azken lau hamarkada hauetan alderdian dena eman duten milaka kide militanteen adibidea eta bidea jarraituz. Euskal Herria ez litzateke gaur den bezalakoa izango Eusko Alkartasunaren ekarpenik gabe eta oso harro gaude. Hala ere, ez dugu iraganetik bizi nahi. Gure bokazioa herriari ekarpenak egiten jarraitzea da, hain zuzen ere”.
Blancok ez du alderdiaren buru izaten jarraituko, eta hurrengo nazio biltzarra azaroaren 28 eta 29ko asteburuan Arrasaten izango dela gogorarazi du. “Alderdiaren etorkizuna eta ondare politikoa, zuzendaritza berriak hurrengo lau urteetan egingo duen kudeaketaren araberakoa izango da”.






