Batez ere gazteen artean asko hazi diren sustantziarik gabeko
menpekotasunei –jokoa eta kirol apustuak gehien bat- aurre egiteko tresnak
eskatu dizkio Eva Blancok Eusko Jaurlaritzari. Legebiltzarkidearen
ekimenean oinarritutako proposamenak Gabararen aho bateko adostasuna lortu
du: Adikzio berrien eraginei buruzko informazioa lortu, plangintza
osatzeko eta hura Menpekotasunen VII Legean txertatu dadin.

Legebiltzarreko presidenteordea den Blanco menpekotasun guztiekin
kezkatuta agertu da, “batez ere egun ikusten ez diren horiekin,
sozializatzeko modu bezala ikusten direnekin: Kirol apustuak, online
jokoak eta apustu aretoak”. Aldatzen ari den gizartearen menpekotasun
berriak dira eta erakundeek ez dute aurre egiteko beharrezkoa den
informazioa.

EH Bilduko legebiltzarkide eta EAkideak datuak eman ditu arazoaren tamaina
erakusteko: 245 joko areto daude EAEn, 48 apustu areto, 16 bingo eta 2
kasino; Azken urteetan gainera asko igo dira mota horretako lokalak; 12
eta 22 urte bitarteko gazten herenak apustu egin du noizbait; Lege
berriaren arabera bi apustu areto egon beharko lirateke Bilbon eta zortzi
daude.

“Menpekotasun berriei benetan aurre egiteko datuak eta erakunde ezberdinen
lana behar da”, esan du Blancok. Sustantziarik gabeko menpekotasuna sortu
dezaketen lokalen mapa eta horiek jendartean –eta gazteen artean gehien
bat- duten eragina dira legebiltzarkideak jasotzea proposatzen duen
datuetako batzuk.

Era berean, gaurko Osoko Bilkurako beste puntu batean osasun arloko lehen
arretako giza baliabideak ondo antolatzearen garrantzia defendatu du, “ez
bakarrik profesionalengan eragina duelako, baizik eta gaixoaren onerako
ere delako”. Eusko Jaurlaritzak, adierazi du, “giza baliabideak, langileen
profilak, dauden baliabideak eta gaixoen beharrak” adostu behar ditu
langileen ordezkariekin Lehen Arreta planifikatzeko.