Batzar Nagusietako Politika Orokorreko Osoko Bilkuran Markel Olano ahaldun nagusiak hitzaldi triunfalistegia egin eta jendartearen errealitatetik aldenduta egon zela uste du Gipuzkoako Eusko Alkartasunak. Horretaz gain, Osoko Bilkuran EAJ eta PSEk ez dutela herri ikuspegi berdina frogatu dela adierazi du, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Ponentzian ere argi geratu den bezala. Horregatik, jeltzaleei eskua luzatu die Gipuzkoa eta Euskal Herria oinarrizko ideia berdinetik abiatuta eraikitzeko.
Datu makroekonomikoei begira, Gipuzkoak nolabaiteko berpizkundea bizi duela onartu du Eusko Alkartasunak, baina ahaldun nagusiak datu horiek ez dutela jendartean islarik jakin beharko luke, eta gizartea krisi ekonomiko-finantzarioak sortutako prekarietatean bizitzera kondenatuta dagoela ere. Gure herrialdean dagoen langabezia tasa % 9,44koa da eta prekarietatearena askoz ere altuagoa. Ba al dago familiarik ez duena miseriako soldata baten truke lanean ari den hezkuntza prestakuntza itzela duen gazte bat? Zenbat familiatan dago baldintza duinetan berriro lan egiteko itxaropena galdu duen 45 urte baino gehiagoko langabetu bat? Zer eskaini diezaiekegu munduko beste leku batzuetatik Gipuzkoara bere bizitza garatzera etorri diren lagun guztiei? Pertsona guzti horiek dituzten beharrei erantzun behar die Ongizate Estatuak, eta Gipuzkoako gizarteak egunero aurre egin behar dien arazo errealei bizkar eman zien ahaldun nagusiak asteartean.
Gainera, arlo ekonomikoan Gobernua bikain aritu dela esan zuen Markel Olanok, Pasaiako Badiako birsorkuntzaren bezalako kasuak ditugunean. Konpondu gabeko arazoa da eta Aldundiak ez du maila eman.
Hau da, triunfalismoa soberan izan zuen ahaldun nagusiak eta ez zuen gizartearen errealitatearekin bat egiteko gaitasunik agertu. Egia da errealitate hori ez dela duela urte batzuk bezain beltza baina oraindik ere oso zaila da populazioaren portzentaia handi batentzat. Eta beste horrenbeste esan daiteke gizarte politiken arloan, egindako balantzeak ez baitator bat egoitzetako langileak grebara eraman duen egoerarekin. Eta klima aldaketari dagokionez, birziklapen eta berrerabileraren arloan herrialdeak dituen gabeziekin, gauza bera esan daiteke. Etxebizitzen garestitzeari aurre egiteko plana ere faltan bota genuen, jakina baita gehiegizko turismoa jasotzen duten herrietako biztanleek barnealdeko beste udalerrietara jo behar dutela bizitzera.
Gipuzkoako datuak Estatuko beste zonaldeekin alderatzeak konformismoa erakusten duela deritzogu, eta ez zaigu gustatzen. Datuek errekuperatzen ari den herrialdea erakusten duen postal eder horrekin bat egiteko modua da, zalantzarik ez, baina anbizio falta erakusten du. Ipar Europako herrialdeetako eredu sozialdemokratarekin alderatu behar ditugu gure datuak, horrela egoera horretara iristeko zer falta zaigun ikusi eta helburua lortzeko bideak jarriko ditugu.
Eta ikuspuntu sozialdemokratatik ere, iruzurrari aurre egin eta Ongizate Estatuak behar dituen baliabideak lortuko dituen zerga sistemaren erreforma pendiente dugula azpimarratu behar dugu.
Egun ezin da Gipuzkoako errealitatea beltzean bakarrik margotu, baikortasunerako ematen duten kontuak ere badaudelako eta, batez ere, herrialdeak eta herritarrek duten ahalmen handia balioan jarri behar delako. Hala ere, Olanoren hitzaldia hauteskunde ekitaldi batetakoa iruditu zitzaigun, errealitatearen argazkia baino.
EAJk Alderdi Eguna eta hauteskunde ekitaldi pare batean baino ez duela hitzaldi abertzalea ateratzen dioen topikoa bete zuen. Bere alderdiko “arima” abertzaleagoarekin –edo ez horren autonomista- bat egin zuen ahaldun nagusiak, eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu. Gainera, eta horrek bai adierazten duela hauteskundeak gertu ditugula, guk parte hartzen dugun EH Bildu koalizioa Ezker Abertzale historikoarekin nahasten saiatu zen berriro ere. Politika industrialean proposamenik ez dugula hitz erdika esanez gainera, Sabin Etxeak asmatutako gabeziak egozten saiatuta.
Era berean, jeltzaleekin gehiegitan gertatzen den bezala, ekintzak eta esanak ez datoz bat eta Olanok ez omen du gobernu-kide eta legegintzaldikide diren PSE eta PPk duten herri ikuspegi bera. Eta oso zaila da hori gizarteari azaltzea, mitinetan egiten diren bizpahiru aldarrikapenetatik kanpo.
Gipuzkoako jendartearen bizitza kalitatea hobetzeko eta gizarte eta herri bezala ditugun erronkei erantzuna emateko errealitatearen irakurketa zuzenagoa egitea beharrezkoa da. Eta horrek eskua eskaintzen dizuna heltzeko ausardia eskatzen du. Batez ere, eskua eskaintzen dizunak herri ikuspegi berdina badu baita elkarrekin lan egiteko borondatea. Beste aukera indar estatalistek eskaintzen duten egonkortasuna onartzea da, nahiz eta Gipuzkoa eta Euskal Herriak behar dutenaren inguruko diagnosi bateratua egitea posible izan ez.