Unai Ziarreta, EAko presidentea eta lehendakari hautagaia EAJren eta sozialisten arteko akordioak autonomismora itzultzea esan nahi duela ohartarazi du EAko lehendakarigaiak. “EAJk zer proposatzen du? Zer da Kontzertu Politikoa delako hori? Ibarretxek berak ere ez daki, nahiz eta Urkulluk makina bat aldiz azaldu duen”. Bakea eta normalizazioa lortzeko bide bakarra burujabetzaren aldeko indar metaketa dela uste du.

Gaur zortzi egingo diren bozetan bi aukera izango dira: EAJk eta PSE-EEk ordezkatzen duten autonomismoa edo Eusko Alkartasunak bultzatutako ildo subiranista. Hala iragarri zuen Unai Ziarreta EAko lehendakarigaiak atzo, Bermeon (Bizkaia). Bakea eta normalizazioa lortzeko bide bakarra burujabetzaren aldeko indar metaketa dela uste du. Hala, une honetan alderdiaren erronka nagusia «subiranotasunaren trena martxan jartzea» dela azpimarratu zuen. Euskal Herriko «aurreneko trena» izango litzatekeela dio, eta Madrilek ere ezingo lukeela gelditu.

Indar metaketa horren inguruan hausnartzeko deia egin zion ezker abertzaleari: «Tren politiko horrek sekulako indarra duela ulertu behar dute. Horixe da herri hau bake egoerara, esparru berri batera eta normalizaziora iristeko aukera bakarra, betiere politikaren bidetik». EAren proposamena, bada, «Euskal Herria nazio gisa onartuko duen subiranotasunaren legea da».

Beste alderdiek ez dutela alternatibarik dio. PP eta PSE-EEk Gernikako Estatutua ez betetzen jarraitzeko asmoa dute, haren esanetan. Gainera, sozialisten estrategia «kartzelatze eta legez kanporatzeetan» oinarritzen dela salatu zuen. «Eta EAJk zer proposatzen du? Zer da Kontzertu Politikoa delako hori? Ibarretxek berak ere ez daki, nahiz eta Urkulluk makina bat aldiz azaldu duen».

Estatutu Berrirako Proposamena eta Kontsultarako Legea ahaztu izana leporatu zien jeltzaleei. Ziarretaren esanetan, herri galdeketa egin zitekeen, «Madrildik iritsitako debekuak debeku». Izan ere, herri honek inoiz baino indar handiagoa duela uste du.

Juan Jose Ibarretxek, berriz, Iñaki Azkuna eta Jose Luis Bilbaoren «EAJ autonomista» ordezkatzen du, haren irudiko. «Bizkaian ondo baino hobeto dakigu zer den hori», esan zuen. Entzuleek «hori, hori!», erantzun zioten.

Urtero EAk Bermeon antolatzen duen Itsas Gudari Egunarekin bat egin zuen atzoko ekitaldiak. 1937ko martxoaren 5ean, Matxitxako lurmuturraren parean hil ziren gudariak omendu zituzten. Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia ere bertan izan zen, eta berak jaso zuen jarraitzaileen aldetik babesik beroena.

Legebiltzarrean EA indartsu egotearen garrantziaz hitz egin zuen. Garaikoetxearen ustetan, «modu horretan bakarrik lortuko da gobernu abertzalea». Izan ere, EAJren zuzendaritzak PSE-EErekin bat egitea nahiago duela uste du. Horregatik, «bloke abertzalera jauzi egiteko» dei egin zien militante jeltzaleei.

Era berean, Joseba Azkarraga sailburuak bozkatzera joatea ezinbestekoa dela gogoratu zien EAren jarraitzaileei. «Ez geratu etxean udal hauteskundeetan bezala, dena irabazita dagoelakoan. Ondo dakizue zer den boto gutxi batzuengatik Bermeok inoiz izan duen alkaterik onena galtzea». Urte luzez herriko alkate izandako Juan Carlos Goienetxea haren atzean zegoen eserita

Lotura: Argazki bilduma
Jatorria: EA