Pello Urizar EAk ez dizkiola bere siglak inori utziko adierazi du idazkari nagusiak eta batasun independentista egituratzearen beldur diren guztien “espekulazio interesatuak eta erasoak” salatu ditu: “Mugimendu horrek egungo egoera politikoa aldatuko lukeela dakite eta ez dute hori nahi”.

Hedabide askoren aurrean eginiko agerraldi batean, EAk azken egunotan jaso dituen kritikei, akusazioei eta mehatxuei erantzun die gaur Pello Urizar EAko idazkari nagusiak eta EAk “indar subiranisten metaketaren aldeko apustuari” eutsi egiten diola berretsi du, hori baita gatazka konpontzeko eta normalizazioa lortzeko bide bakarra. “Ekintza batasun subiranista lortuz gero, urrats erabakiorra emango dugu Euskal Herriak bizi duen gatazka gainditzeko”, adierazi du.

Uste sendo hori oinarritzat hartuz, idazkari nagusiak ziurtatu du “inork ez duela EAren etorkizuna baldintzatuko, eta are gutxiago postu batzuen truke, Ibarretxeren EAJren gonbiteari ezezkoa eman genionean erakutsi genuen bezalaxe. EAk ez du amore emango eta ez du etziko; lanean jarraituko dugu alderdi abertzale batek Euskal Herri osoari egin diezaiokeen eskaintzarik onena egiteko, egungo egoerari aurre egiteko alternatiba egituratzeko”, horixe baita “euskal gizarteak eskatzen diguna, ekintza batasun bat espainiar nazionalismoari aurre egiteko”.

Giza eskubideen aldeko EAren ibilbide historikoa gogora ekarri du Urizarrek eta mehatxuei eta presioei erantzun die. Haren iritziz, “subiranisten batasunean beraien interes partikularrentzako arazo bat ikusten dutenak” izan dira horrelako erasoak egin dituztenak. Haiei esan die EAk ez dizkiola inori bere siglak utziko, eta horrelako “espekulazio interesatuak” gaitzetsi ditu, horrelakoak botatzen ari baitira “giza eskubideetan eta bide politikoetan eta baketsuetan oinarritutako proiektu estrategiko nazional bat egituratzearen beldur direnak”. Bere irudiko, espainiar Estatua urduri dago mugimendu horrek egungo eszenatoki politikoa errotik aldatuko lukeelako; PSOEk eta PPk ederki dakite instituzioetatik kanpo geratuko liratekeela, ez baitira gobernura iritsi gizartearen babesari esker, eta Jaurlaritza, aldundiak eta udalak herri borondatearen araberakoak lirateke.

EAJ eta Aralar ere hizpide izan ditu Pello Urizarrek. Hurrengo hauteskundeetan gehiengo osoa lortzea euren helburu bakarra izatea egotzi die jeltzaleei, “ez dutelako gehiengoa nahi erabakitzeko eskubidea erabiltzeko, instituzio gehiago ez dutela galduko bermatzeko baizik”. Aralarri dagokionez, EAko buruzagiari ulergaitza iruditzen zaio “Nafarroan abertzaleen batasuna aldarrikatzea, UPNri eta PSNri aurre egiteko, eta aldi berean horrek EAEn zentzurik ez duela esatea”. EAJren eta Aralarren iritzietatik urrun, Urizarrek “siglen gainetik, herria egin behar dugula” nabarmendu du eta “noraino iristeko prest dauden argitzeko” eskatu die gainerako alderdiei.

Jatorria: Eusko Alkartasuna