Beren lehenengo bilera izan da EAk zuzendaritza nazionala berrituz geroztik

Pello Urizar eta Joan Puigcercos, hurrenez hurren, buru izanik, EAko eta ERCko ordezkaritzak bildu dira gaur goizean Eusko Alkartasunak Bilbon duen egoitzan. Europako Aliantza Libreko kide diren bi alderdi hauetako agintarien lehenengo bilera izan da EAk zuzendaritza nazionala berritu zuenetik eta, EAko idazkari nagusiak bileraren ostean egindako prentsaurrekoan adierazi duenez, “horrela geure alderdien arteko elkarlan historikoa, independentisten arteko elkarlana, alegia, indartu egin dugu”.
Urizarren esanetan, “bileran Euskal Herriko zein Kataluniako egoera politikoa aztertu dugu, bai eta herri bezala etorkizunean aurre egin beharko diegun erronka nagusiak ere”. Ildo horri jarraituz, gogorarazi du EAko idazkari nagusiak, “Eusko Alkartasuna jaioz geroztik beti lan egin dugu ERCrekin era aktiboan eta leialean, betiko lotura da hori, biok alderdi aurrerakoiak garelako eta geure nazioak, hurrenez hurren, defendatzen ditugulako”.
Esquerrako presidenteak ere bi alderdien arteko elkarlana goraipatu du, eta etorkizunean ere horrela izango dela erantsi du: “jarraikortasuna emango diogu hainbat ekimenen bitartez, bilera emankorra izan da”.
Joan Puigcercosek Urizar EAko idazkari nagusi aukeratu izana ere hizpide izan du: “Pello eta biok geure alderdien gazte-taldeetako presidenteak ginenetik ezagutzen gara eta ziur nago orain ere idazkari nagusi bezala sekulako lan ona egingo duela”.
EAJren proposamenaz
ERCrekiko bileraren ondorengo prentsaurrekoan, Pello Urizarrek EAJk gainerako alderdiei eginiko elkarlanerako eskaintza aipatu du. Adierazi duenez, “EArentzat egungo egoera honetan funtsezkoa da eta lehentasun osoa dauka euskal gizartearen ongizatea bermatzeak; geu printzipio horretatik abiatzen gara eta hortik aurrera krisiaren aurkako neurri guztiak ongi etorriak izango dira, baina oraindik falta da EAJk bota duen eskaintza hori proposamen zehatz batean gauzatzea”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna