Pasaia eta Santurtzi-Bilboko portuen kudeaketa EAEren esku egon behar dela esan du Maider Otamendik gaur, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak Euskal Autonomia Erkidegoko portuen eta itsas garraioaren Lege proiektuaren irizpena eztabaidatzean. Era berean, portuen kudeaketak publikoa izan behar duela aldarrikatu du eta onartu den testuak pribatizazioaren atea zabaltzen duela salatu.
Otamendik beharrezkotzat jo du portuak erregulatzeko legea, baina aurkeztutakoak gabeziak dituela kritikatu du. EH Bilduk aurkeztutako testuari buruz duen iritzia horrela laburbildu du: “Beste kudeaketa eredu bat behar da eta kudeaketa hori EAEko portu guztietara zabaldu”.
“Pasaiako eta Santurtzi-Bilboko bi portuen eskumenak aspaldi beharko genituzkeen gure eskumenen artean izan”, esan du Otamendik, berehalako transferentzia eskauta: “Jaurlaritzaren aldetik badirudi transferentziak lehentasuna duela, baina hitzetatik ekintzetara pasatzean Estatuaren hormarekin topo egiten dugu”.
Bestetik, “zerbitzu eta azpiegitura publikoen kudeaketa administrazioak zuzenean egin behar du, horretarako beharrezkoak diren bitarteko material eta pertsonalak jarriz” adierazi du EH Bilduko legebiltzarkideak. Horregatik, gaur onartutako testuak sortzen duen “zuzenbide pribatuko erakundeak pribatizaziorako bidea ireki” duela salatu du: “Ez da formula egokia”.