Nafarroako EAtik gogor kritikatu dute irizpide demokratikoen eta oinarrizko eskubideen aurkako Estatuaren erasoa, polizia indarkeria erabiliz

Eusko Alkartasunatik Kataluniako prozesua goraipatzen dugu baita iragan urriaren 1eko erreferenduma aurrera ateratzeko herriaren adore eta trebezia. Beti balio demokratikoak, baketsuak eta unibertsalak izan dituztelako oinarrian eta irizpide horiek berak dira hain zuzen ere gure alderdiak jaiotzez defendatu dituenak Nafarroaren eta Euskal Herriaren subiranotasuna lortzeko bidean.

Erabateko elkartasuna adierazten diegu 800 biktimei, bereziki oraindik ospitalean jarraitzen dutenei, baita Kataluniako herri osoari eta bere erakunde guztiei. Beti izanen dute gure babesik zabalena etorkizuna erabakitzeko eskubidearen defentsan.

Espainiako Estatuak eta Mariano Rajoy presidentea bera agerian geratu dira nazioarteko iritzi publikoaren aurrean, zeinek gogor kritikatu dituen horien jarrera autoritarioa eta neurriz kanpoko errepresio judizial eta poliziala, erabat lotsagarria mende honetako edozein demokraziatan. Nazioarteko komunitateak neurriak hartu behar ditu Espainiako Gobernuaren jarrera salatzeko, eta Estatuak erakutsi duen maltzurkeria eta abusuzko jokabidearen aurrean, arazo politiko honetan bitartekari lanak egin, erakunde katalanek duten eskubide demokratikoa eta legitimatea babestuz. Nazioarteko eragileek elkartasunez eta jarrera baikorrarekin eta eraikitzailearekin erantzun behar diete Kataluniako herriaren eskariei. Entzutea merezi duelako. Beti Herrien Europa, herrien arteko elkartasuna eta bozkatzeko eta erabakitzeko eskubidearen aitortzatik.

Halaber, Estatu indarkeria larriaren aurrean, EAJri eskatzen diogu oinarrizko giza eskubideekiko errespetuz eta balio demokratikoei erantzunez, eten ditzala Alderdi Popularrarekin harremanak eta egin babestu dezala zintzotasunetik eta anbiguetaterik gabe Kataluniako herriak Estatu propioa eraikitzeko agertu duen aldarria.

Egungo testuinguruan, Estatuaren eta Generalitatearen arteko negoziazioa eta errespetuzko elkarrizketak fantasia hutsa dira, jakitun baikara oztopoa ez dagoela prozesu katalanean, baizik eta balio demokratikoei dagokienez erabat ustelduta eta zaharkituta dagoen Estatu Erregimenean. Zentzu horretan, EAJren jarrera zalantzati, lauso eta ilunak iraingarriak dira. Une honetan ausardiaz eta modu irmoan defendatu behar dugu Kataluniako herria, desobedientzia zibila eta erresistentzia baketsua oinarri harturik, Frankismoarekiko loturak hausten ari dena, etorkizun libre eta demokratiko bat eraikitzeko helburuarekin.