Gaur gure kezka gizarteratu nahi dugu bizitzen ari garen atzerapen demokratikoaren aurrean, momentu politiko honetan eskubideen eta askatasunen murrizketa larriak ari dira gertatzen Estatu osoan eta maila guztietan.
Adierazpen askatasunaren aurkako azken erasoak adibide argiak dira, txiolari eta abeslarien kartzelaratzeekin. Manifestazio eta protesta baketsuen aurrean gertatzen den errepresioak, eta eduki kritiko eta adierazpen desberdinen aurrean Espainiako eskuinak aplikatzen duen zentsurak, oinarri legal bat dute, Mordaza Legea.
Disidentzia eta pentsamendu kritikoa isilarazteko sortutako lege tresna. Azkeneko urte luzeetan terrorismoaren aitzakia harturik sortu duten salbuespenezko justizia sareari gehitzen zaiona.
Zeren zain daude Estatu maila PSOE eta Podemos zentzugabekeria honi amaiera emateko? Zeren zain gehiengo politiko horrekin Kongresuan Mordaza Legea atzera botatzeko? Ez dugu ulertzen estatu mailako indar politikoen axolagabetasuna eta utzikeria, demokratikoak direla adierazi arren, erantzun irmorik ez dutelako eman azkenaldian gertatzen ari diren gertaeren aurrean.
Espainiako estatuak preso politikoak diren pertsonak ditu kartzeletan. Hori errealitate ezaguna dugu gure inguruan, baina nazioartera ere zabaltzen ari da, Kataluniako lagunek egin dituzten salaketa guztien aurrean.
Baina nazioarteko prentsaren argietatik kanpo ere batzuk funtsezko eskubide eta askatasun urraketa larriak ari dira gertatzen. Altsasuko gazteen afera da une honetan Espainiako Estatuan gertatzen ari den gehiegikeria eta prebarikazio judizial kasu larrienetako bat. Atzerakada demokratikoaren adibiderik indartsuena da, eta pertsona guztiak gara horren biktima, gizartea garen heinean.
Altsasuko gazteak modu bidegabean daude espetxean, akusazio neurrigabeko batekin eta manipulazio politiko eta mediatikoz, irregulartasunez eta arduragabekeria demokratikoz lepo dagoen prozesu baten ostean.
Ulertzen dugu ekintza neonaziak errugabetzen dituen, eta aldiz, taberna bateko liskar batengatik terrorismo delitu akusazioa mantentzen duen Estatuaren jarrerak, jazarpen politikoari besterik ez diola erantzuten. Estatu osoan zehar milaka izan dira ezaugarri beretsuak dituzten taberna gatazkak eta inon ez da halako akusaziorik izan, zigorra eta ohartarazpena dira, ez soilik Altsasuko herriarekiko, baizik eta Nafarroa osoarekiko.
Honengatik guztiagatik, gehiegizko erabilera hauek, urraketa hauek publikoki salatu behar ditugu alderdiek. Eusko Alkartasunatik aginte judizialen eta Fiskaltzaren jarrera salatu nahi dugu eta, era berean, Altsasuko gurasoei gure elkartasuna helarazi nahi diegu, beraien seme-alabei terrorismoa leporatuta 60 urteko kartzela-zigorra eskatzen dietelako taberna batean ordu txikitan gertaturiko liskar batengatik.
Estatuan une honetan gertatzen ari diren gehiegikeria eta ustelkeria politiko eta judizialik larriena al da taberna-borroka bat? Nola da posible hori? Nork sinisten du holakorik?
Argi eta garbi esaten dugu: Altsasuko afera ez da terrorismoa. Erabateko gutxiespen eta neurrigabetasunaren aurrean gaude eta horren helburu bakarra Altsasuko gazteen kontrako zigor ideologikoa besterik ez da. Guztiz ulertezina da interpretazio hori Zuzenbideko Estatu batean.
Horregatik, Fiskaltzari proportzio eta oinarririk gabeko akusazioa erretira dezala eskatzen diogu, bai eta gertaerak epai daitezela proportzionaltasun, justizia eta demokrazia-printzipioetan oinarriturik. Ezin dugu onartu ezta minutu bat gehiagotan ere hain egoera anker, krudel eta bidegabea.
Zentsura, errepresioa, jazarpen politikoa, terrorismoaren gorespenaren akusazio sistematikoak… direla eta, hurbilago kokatzen ari da Espainiako Estatua diktadura batetik demokrazia batetik baino, salbuespena hedatzen eta aplikatzen baitu botere politiko eta faktikoaren interesen arabera.
Eusko Alkartasuna atxilotutako gazteak berehalakoan aske uztea eskatzen du, eta auzia Iruñera itzuli dadila, ez Auzitegi Nazionalean gelditu, “salbuespenezko auzitegia” delako, demokrazia printzipioen aurkakoa.
Bukatzeko, auzipetuei, familiei eta Altsasuko herriari gure animoa helarazi nahi diegu eta dei egiten diogu Nafarroako gizarteari eta indar politiko guztiei larunbat honetako manifestaziora joateko. Kalera atera behar dugu, elkartasuna erakustera, eta une honetan arriskuan diren guztion oinarrizko eskubide eta askatasunak defendatzea.