“Migrazioaren fenomenoaren barruan uharteak disuasio helburuarekin erabiltzea estrategia okerra” dela erantzun zion atzo Idurre Bidegurenek PPk Kanarietan migrazioari aurre egiteko aurkeztu duen proposamenari. Migratzea eskubidea dela gogoratu zion EH Bilduko senatariak eta humanitario den krisiari irtenbide humanitarioak eman behar zaizkiola azpimarratu du.

Orain arteko migrazio-politikek porrot egin dutela ere esan zuen Bidegurenek, eta beraz, “norabidea aldatzeko” beharra agerian geratu dela adierazi zuen: “Espainiako Estatuan eta Europar Batasunean ere”. Izan ere, Europar Batasuneko barne mugetan ere migrazioak eragindako heriotzak egon direla gogoratu zuen, Euskal Herrian bertan, Irun-Hendaia mugan denbora epe laburrean gertatutako biak gogora ekarrita.
Errealitatea den migrazio fenomenoaren aurrean “giza eskubideak errespetatzen dituzten eta pertsonak migratzeko bide seguruak bermatzen dituzten migrazio-politikak” behar direla aldarrikatu zuen Bidegurenek, eta “diskurtso alarmistak utzita, eztabaida serioari” ekiteko eskatu zuen: “Ausardia gehiago, gizatasun gehiago eta politikakeria gutxiago behar ditugu”.