Haur eta nerabeei zuzendutako antzezlan programazioa garatuko du Bilboko Udalak LGTBIQ kolektiboaren aurreiritzi eta estereotipoak ezabatu eta erreferente positiboak emateko. Gaur –LGTBIQ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna- egindako Osoko Bilkuran onartu du udalak Bruno Zubizarreta, EH Bilduko zinegotzia eta Bilboko EAko koordinatzaileak egindako proposamena.
Zubizarretak adierazi duenez, antzezlan horiek helduei ere zuzenduta daude, bazterkeria eta bullyingarekin amaitzeko jarrera aktiboa garatu behar dela kontzientziatzen dutelako. Antzezlanek LGTBIQ pertsonen eskubideen alde lan egiten duten erakundeek egindako sarrera izan behar dute, aukera afektibo-sexual eta familia aukera ezberdinei azalpenarekin.
“Antzerkia, kultura, LGTBIQ fobiari aurre egiteko hezkuntza informalean integratzea da ideia, eta garatu den udalerrietan oso positiboa izan da”, esan du Zubizarretak.
Horrelako ekimenak beharrezkoak dira oraindik ere, azpimarratu du zinegotziak, “LGTBIQ pertsonak, oraindik ere eta zoritxarrez, bazterkeria pairatzen dugulako, batzutan baita bortxakeria ere”. Azken urtean, Estatuan sexu aukera edo genero nortasunarengatik gorroto delituak %86 igo direla gogoratu du.