Europar Batasunean ez direla
hizkuntza gutxituak hitz egiten dituztenen hizkuntz eskubideak errespetatzen
salatu zuen atzo Gorka Knörrek. «Egun Europan ez dira hizkuntz eskubideak
errespetatzen. ”Bilatu eta detenitu” aginduari buruz berba egiten duten libre
eta baketsu omen den Europa horretan, herritarren hizkuntz eskubideak, oinarrizko
eskubideak direnak, ez dira errespetatzen», nabarmendu zuen.
Bere adierazpenetan, Europar Batasunean herritarren
hizkuntz eskubideen kontra «legeak egiten dituzten estatuak badaudela»
azaldu zuen EAko idazkari nagusiak. Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak euskararen
kontra egin dituen legeak aipatuz, hori egoera «larri-larria» dela
adierazi zuen. «Europar Batasunean oraindik badaude herritarren hizkuntz
eskubideen kontra legeak egiten dituzten estatuak. Hori da, hain zuzen ere,
Nafarroako kasua, euskararen kontrako legeak egiten baitituzte bertan. Oso gauza
larria da», nabarmendu zuen berriz ere.
Nafarroako Gobernuaren jarrera Estatu frantziarrarenetik
bereizi zuen. Bere ustez, azken honek «bere ordenamendu juridikoan hizkuntzen
errekonozimendua onartzen ez du»en bitartean, Nafarroan «euskararen
kontra ari dira»
Europar Batasunean hizkuntz eskubideak errespeta
daitezela eskatzeaz gain, Europan martxan dagoen «eraikuntza prozesuan»
naziotasun ezberdinen parte-hartzea aldarrikatu zuen Gorka Knörrek. Horrela,
estatuak bere jarrera «inposatzen» eta herrien parte-hartzea galarazten
ari direla salatu zuen. «Europa demokratiko eta gardenari bizkar ematen
ari zaizkio berriz ere», ziurtatu zuen.
Horren aurrean, Europaren eraikuntzan naziotasun
ezberdinek duten parte hartzeko beharra eta eskubide osoa aldarrikatu zituen.
«Europar Batasuna era demokratiko eta gardenean eraikitzeko ezinbestekoa
da naziotasun ezberdinak bertan egotea», nabarmendu zuen.

Jatorria: Eusko Alkartasuna