Josu ERKIAGA Lakuako Biodibertsitate Saileko zuzendaria

Prestige ontziaren lehenengo arrastoak euskal kostaldera iritsi zireneko bigarren hilabetea bete zen atzo. Ordutik bitan bildu da harkaitzen egoeraren jarraipena egiteko osatutako batzorde tekniko-zientifikoa, lehengo asteko asteazkenean azkenekoz. Bertan Administrazioko kideak, unibertsitateko adituak, erregaien arloko hainbat enpresa eta gizarte mailako beste zenbait, ekologistak nagusiki, elkartzen dira. Hilaren 12rako haitzak garbitzeko protokoloa prestatzeko konpromisoa hartu du batzordeak. Josu Erkiagak duen inpresioaren arabera, «oraindik haitzak ez garbitzea erabakiko da».

­Zer erabaki zenuten azkeneko bileran?

Bilera polito joan zen, baina ez ginen gauza izan protokolo zehatz bat ixteko. Hala ere, hiru ondorio garbi atera ziren, eta horietan denok ados geunden. Hamabost eguneko luzamendua egitea eta epe horretan inor haitzetara ez joatea erabaki genuen. Hau da, otsailaren 12a bitartean ezin da mugimendurik egon harkaitzetan, nahiz eta gogoa egon eta guk hori eskertu. Bigarrenez, eta zorionez, fuel hori ez dela hondoratzen ikusi genuen, eta arrisku gunerik handienak libre dauzkagula. Beste konklusio positiboa zera izan zen: fuelaren talkak marea goreneko lerrotik beherantz hasita 20-30 metroko esparru batean daude. Hori albiste ona da; esparru zehatz batez ari gara hizketan, errekuperatzeko gai-tasun handiena eta balio ekologiko txikiena daukan alderdiaz hain justu. Gainera, eta Ogellan frogatu ahal izan zenez, zientzialariek diote orban horiek arinago edo geroago hondartzetara joango direla. Nahiko albiste onak dauzkagu, eta hortik dator moratoria.

­Noizko izango duzue protokoloa prestatuta?

Aurreko batzarrean batzordetxo bat osatu zen, eta datorren asteazkenerako bilerara haitzak garbitzeko protokoloaren zirriborroa ekartzeko konpromisoa hartu zuen. Dauden lau azpisistemak kontuan hartuta, haitzak noiz, nork eta zelan garbitu zehaztuko du protokoloak eta datorren astean prestatuta izango dugu.

­Batzordean irizpide desberdinak al daude?

Hondamendi ekologiko batean normala da talde ekologistek parte hartu nahi izatea, eta tira-bira batean gaude. Eskertzen dugu benetan, eta bideratu ere egin dugu parte-hartzea, horren lekuko dira talde ekologista handienak, Eguzki eta Ekologistak Martxan. Kritikak eta desadostasunak dituzte, baina nik uste ateak zabaldu dizkiegula. Boluntariotzaren protokoloan printzipioz hiru erakunde nagusi aurreikusten ziren fuela biltzeko; Dya, Gurutze Gorria eta udalerrietako babes zibileko taldeak. Eta geure ekimenez sartu genituen Ekologistak Martxan eta Eguzki. Hori agian ez da nahikoa izango, jendeak lan egin nahi du.

Baina, lan egitea kalterako baldin bada?

­Askoren ustez aurreikustekoa zen haitzak zikinduko zirela eta protokoloak prest behar zuen. Eta agian arrazoia daukate. Lehentasunak ezarri dira; itsasoa, hondartzak eta haitzak. Itsasoko mekanismo eta tresneria guztia martxan jartzeko ere hilabete bat behar izan dugu. Protokoloak prestatuta egon behar zuela?, agian bai. Baina uste dut nahiko arin egin ditugula gauzak. Pentsa, prefetak eta Frantziako hainbat erakundek zorionak eman zizkigun aurreko bilera batean, ontzidia hain arin egokitzearren eta lanean hain txukun ibiltzearren. Egun bitan itsasoan 1.200 tonelada bildu dira, eta uste dut hori ez dutela ia inon lortu. Beste alde batetik, hondartzako lanak martxan jartzeko ere moldaketak egin behar izan ziren. Eta haitzetan beharbada berandutxo ibili garela?, bada, seguru asko bai. Hortik etorri dira gaizki-ulertuak. Baina ez da ezer gertatzen, kritikak jasotzeko ere bagaude. Bilgunea sortu dugu, hainbat arlotako jendea daukagu, eta zerratuko dugu.

­Dena fuelez zikinduz gero, ba al dago atzera bueltarik?

Unibertsitateko adituek itsasertze hurbilean dagoen hondoaren diagnostikoa egin dute. Duela hamar eguneko datuek esaten dutenez, eragindako azaleraren portzentajea ehuneko bikoa zen. Batzuentzat asko izan daiteke. Adibidez, ehuneko bi horren ehuneko bata Bakion badago, horko jendearentzat garrantzitsua da. Baina, oraingoz, ez daukagu datu kezkagarririk, eta herritarrei lasaitasuna eskatuko nieke.

­Kritikatu dutenez, Lakua boluntarioen mugimendua trabatzen ari da.

Boluntariotza martxan jarri behar dugunean martxan jarriko dugu, dudarik gabe. Horretarako egin genituen probak Galiziara joanez. Baina, herritarrak Galiziako irudiak ikusten ari dira, eta ez dira konturatzen hemengo egoerak ez daukala zerikusirik. Han milaka lagun ikusten dituzte jantzi zuriekin, eta esaten dute; «bada geu ere bai». Eta, zorionez, hemen ez da behar oraingoz. Dagoeneko 2.000 boluntario inguru dauzkagu zerrendetan, presio handirik eta publizitate handirik egin gabe. Egoera larrituko balitz, eta deialdia egingo bagenu, eta herri honetan dagoen indarrarekin, erantzuna izugarria izango litzateke, berez herri hau oso solidarioa delako.

­Galiziako eredua ez al da, bada, baliagarria?

Hainbat kasutan bai. Adibidez, guk hasieratik, Galizian egon ginenetik, onerako edo txarrerako erabaki genuen haitzak azkenak zirela. Hango zientzialariek eta adituek ere hori esaten ziguten. Eta hori han, itsaski pila dabilen inguruan. Hemen ez dauka hainbeste eragin sozioekonomikorik, itsaskia oso jende gutxik baitu bizibide kostalde osoan. Galiziako ereduak jarraituta erabaki genuen, beraz, haitzak azkenak direla. Horrek ez du esan nahi asteazkeneko bileran beste planteamenduren bat izango ez denik.

­Zein izango da, zure ustez, batzorde tekniko-zientifikoaren azken erabakia?

Aurreko bileran ikusitakoaren arabera, uste dut talka guztiak bukatu arte itxaroteko erabakia hartuko dela, orban guztiak heldu arte haitzetan ez dela ezer egin behar erabakiko duela batzordeak. Erabakia ez bada guztien gustukoa?, nik ezin dut ezer egin. Batzorde tekniko-zientifiko horretan erabakitakoa eramango dut nik mahai nagusira, azken erabakia har dezan. Hori argi dago.

Jatorria: Josu Erkiaga