“Araba gorria, berdea eta morea da, eta etorkizunean are gehiago izango da”, iragarri du Eba Blancok, Eusko Alkartasunako jarduneko idazkari nagusi eta Eusko Legebiltzarreko presidenteordeak, Amurrion egindako ekitaldian. Mikel Otero, EH Bilduko Arabako zerrendaburua eta Arnaldo Otegi, koalizioko koordinatzailea izan ditu lagun Blancok. Eguerdian egin den ekitaldi politikoak erantzun bikaina jaso du; aulki guztiak bete dira, kanpainaren hasiera honetan, osasun-larrialdiak behartutako protokoloak ez dituela jarraitzaileak etxean uzten erakutsiz.
EH Bildu alternatiba politiko, sozial eta ekonomikoa dela aldarrikatu du Blancok, baita alternatiba antifaxista ere. Aiaran “oso ondo ezagutzen da Espainiako faxismoaren aurpegia”, esan du Blancok. Zentzu horretan, “plazerra izango da eskuin muturra hutsean uztea berriro ere, Maroto Sotosalbosera bidali ostean eta Abascali esatea bere herrian ere ez duela inork maite”, esan du.
Aiarari lotutako diskurtsoa egin du hautagaiak, eta Legebiltzar berria eratu ondoren garatu beharreko lehen konpromisoetako bat Aiaraldeko Ekonomia Suspertzeko Lantaldea berriro martxan jartzea izango dela ziurtatu du; izan ere, “hauteskundeek haren lana geldiarazi dute eta oso beharrezkoa da, Aiaraldean pobrezia eta langabezia tasak Araba eta EAEkoak baino altuagoak direlako; hala ere, EAJ kostata konbentzitu genuen ekimena martxan jartzeko”.
Kuadrillaren osasun egoera ere ez da oso ona: “Orain lehengoa baino handiagoa, berriagoa eta politagoa den anbulatorioa dugu, baina lehengo zerbitzu berdinak dugu, eta ez da nahikoa. Hori dela eta, Aiaraldean eta Bizkaia erdian ibili behar dira, espezialista batekin zita izateko, mamografia bat egiteko edo kirurgiaren bat egin behar denean”.