Estatuan zein Euskal Herrian ustez hasi behar zen garai politiko berria ez dela oraindik hasi ikusi dugu haste honetan. Aldaketarako konpromisoak garai zaharreko keriek kutsatuta agertzen zaizkigu, eta eraldaketa eta politika berriaren aitzindarien eskutik gainera.

Abenduaren 20an bertan hasi zen kanpaina berrindartu da hauteskundeen dei ofizialarekin. Eta kanpaina prestatzen ari garela, Estatuaren estrukturak aldatzeko interes handiena ezkerreko abertzaleok ez ote dugun zalantza daukagu.

Alderdi berriek alderdi zaharrek duten hitzarmen kultura falta heredatu dute. Euskal Herrian ohikoa dena, gobernuak egiteko edo legegintzaldi hitzarmenak, gai zehatzetarako babesak,… ez dira Estatuan egiten, eta horrek gobernagarritasuna zailtzen du.

Eta hori ez da alderdikeriatik egindako demagogia. Ereduak ditugu: Udal Gobernutik PP kanporatzeko helburuarekin aurkeztu zen EH Bildu udal hauteskundeetara Gasteizen. Eta agindutakoa bete zuen, nahiz eta horretarako koalizioak baino boto gutxiago zuen alderdia Alkatetzara lagundu behar izan. Nafarroan ere alderdikeriak alde batera utzi ditugu UPNren erregimenari aurre egiteko. Baina Estatuan derrigorrezkoak izango diren akordioak egin ezinik egon dira.

Beraz, akordioetarako zaletasun eskasa konpartitzen dute Espainian alderdi zaharrek eta berriek. Beste zerbait dute amankomunean: independentismoaren itzalpean jauzteko beldurra ere badute. Podemosek eta Pablo Iglesiasek izugarri kritikatu dute PSOE eta orain sozialisten jarrera bera izan dute Nafarroan, Madriletik erabakiak inposatzen. Eta hori etsigarria da oso.

Podemosek, aldaketarako ustezko itxaropenak, Estatuaren egiturek Euskal Herriari buruz duten ideia bera duela esan nahi du horrek. En Mareas edo Compromís –en bozkei esker da Podemos dena. Hala ere EH Bilduren independentismoarengatik egiten omen du atzera Nafarroan koalizioa osatzeko.

Nola sinistu erabakitzeko eskubidearen alde dagoela Nafarroako bere militantziari erabakiak hartzen uzten ez dion alderdia? Jokaera hori ezaguna dugu.

Zein kalkuluen arabera mugitzen da Iglesias-en alderdia? Ba duela sei hilabete ezinezkoa zen IUrekin hitzarmena egiteko esaten dioten kalkuluen arabera. Hauteskundeei begira eta alderdikeriaz ari dira baina gizartearen beharretatik urrun. Eta hori ere ez da berria.

Eta alderdi berriek zaharren ajeak hartzen dituzten bitartean, lehenengoen populismoa ere zabaldu egiten da. Hori baino ezin daiteke izan alderdi guztiek aurrezteari buruz egiten ari diren adierazpenak.

Zentzu horretan, EAJ komunikabideetan espazio gutxi duela esaten entzutea barregarria da, euskal telebista publikoarekin egiten dutena ikusita.

Populismo eta beste garai batzuetako politikak aparte utzita, ekialdetik datorkigu aldaketako haizea, Euskal Herriko ekialdetik: Nafarroa eta Iparraldetik. UPNren azken azpijokoren ostean gizarteak izan duen jokaerak jendarte bizia erakutsi du. Aldaketa politikoa defendatu eta sakontzeko prest dagoen gizartea ikusi dugu. Hor ikusten da alderdikeriak alde batera utzi eta hiritarren beharrei garrantzia ematea duen alde ona.

Iparraldean berriz, sozialean eta nazionalean zeharkakoa izan den konpromisoari esker erakunde propioa izango dute Lapurdi, Zuberoa eta Behe Nafarroak.

Bestelako munduko gauza ez dela esan daiteke, baina Euskal Herria bi estatuetan eta hiru erakundeetan, eta Iparraldea Aquitanian galduta egotetik, elkarren artean harremanak izan eta elkarlana burutzeko gaitasuna eta ustez borondatea duten hiru erakunde izatera pasa gara.

Biderik luzeena ere lehenengo urratsarekin hasten da. Eta Euskal Herriak batzuk eman ditu dagoeneko.