• Eba Blancok, Esquerra, BNG, Andalucía por Sí, MÉS per Mallorca eta Més-Compromís-eko buruekin batera, sinatutako gutuna da.

Eusko Alkartasunak energia berdeko ekimen txiki eta ondo banatuak bultzatzeko eskatu dio Kadri Simson Europako Energia Komisarioari, ingurumena babesteko direktiba komunitarioekin talka egin dezaketen eskala handiko makroproiektuen aurrean. Gutuna Europako ALE (Europako Aliantza Librea) alderdiaren ekimena da, bere presidentea Lorena López de Lacalle EAko Zuzendaritza Nazionaleko kidea delarik. Gutuna Eusko Alkartasuneko idazkari nagusia den Eba Blancok sinatu du, Jordi Solerekin (Esquerra), Ana Mirandarekin (BNG), Modesto Gonzálezekin (Andaluzia por Sí), Lluís Enric Apesteguiarekin (MÉS per Mallorca) eta Águeda Micorekin (Més-Compromís) batera.

Alderdi politiko horien ustez, “klima-aldaketak, energiaren prezioen igoerak eta Ukrainako azken gertakariek erakutsi dute premiazkoa dela Europak energia gehiago ekoiztea iturri berriztagarrietatik”, eta “egoera energia-sare iraunkorragoa garatzeko aukera bat” dela.

Adierazi dutenez, ondo banatutako tokiko proiektuak izango lirateke norabide horretan bira egiteko aukerarik onena, “herritarrei eta enpresei behar duten energia ematen baitiete, eskala handian kalterik eragin gabe”. Hala ere, ohartarazi dute “energia berriztagarrien aldeko apustuak ere ateak irekitzen dizkiola abusuak gertatzeari”.

Eusko Alkartasunak eta ALEko bere kideek Simson komisariari jakinarazi diote kezkatuta daudela makroproiektuekin, askotan inbertsio-funts handien espekulazioak bultzatuta eta eragin handia dutenak ekologia, nekazaritza eta paisaia aldetik balio handia duten eremuetan. Proiektu horietako batzuk Espainiako Estatuan daude. Makroproiektu horiek gatazkan egon litezke 92/43/EEE Zuzentarau komunitarioarekin, habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzkoa; 2009/147/EE Zuzentarauarekin, basa-hegaztiak kontserbatzeari buruzkoa; eta 2012/27/EB Zuzentarauarekin, energia-eraginkortasunari buruzkoa.

Arrazoi horiengatik, EAk Europako Batzordeari galdetu dio proiektu horien eragina eta ondorioak ezagutzeko egiten ari den jarduerei buruz. Gainera, inpaktu txikiagoa eraginez energia ekoizteko egokiagoak izan daitezkeen eskala txikiagoko proiektuei laguntzeko batzordearen planei buruzko informazioa eskatu du. Azkenik, Batzordeak proiektu fotovoltaiko eta eoliko berrien tamaina mugatzeko eta Europako energia-sarearen hedapen ordenatuagoa sustatzeko irizpide komunen proposamena aurkeztuko ote den ere galdetu da gutunean.

European Free Alliance – letter for Commissioner Simson