Erantzukidetasun politiken inguruko ebazpena ez da onartu “PNVk eta PSEk ez dutelako egoeraren ebaluaketarik egin nahi”.
Erantzukidetasuna errealitate izateko, politikak aldatu beharra dagoela azpimarratu du Lohitzune Txarolak. Eta politikak aldatzeko, diagnosia egin behar da, zein egoeratan gauden, eta nora heldu nahi dugun jakiteko.
A zer nolako sorpresa hartu dugun gaur, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran, PSE eta EAJk erantzukidetasunaren inguruko mozioa ez onartzeaz gain, diagnosia egiteari uko egitea erabaki dutenean!!

Hau izan da Lohitzune Txarolak egin duen diskurtsoa:

ERANTZUKIDETASUNA
Nire lan bizitza Bruselan hasi nuen, eta han garai hartan borbor zegoen gaia, lana eta familia bateragarri egiteko politiken gaia zen. Noski niri orduan, arrotz egiten zitzaidan, gutxi geratzen zitzaidan jakiteko zer suposatzen zuen familiako kide batek laguntza behar izatea, baina oraindik ez nuen ezagutu ez aitona amonen dependentzia, ezta haur bat edukitzeak suposatzen duen bizi aldaketa.

Geroztik hamabost urte pasa dira, familiako kide bat gaixorik dagoenean zaintza lanek eragiten duten “trastornoa” ezagutu dut, turnoak ospitalean, etxean laguntza… Ikusi dut ere nola etxeko emakumeak ziren zaintza hori aurrera eramaten zutenak, askotan beraien ordaindutako lanak utziaz etxe barruan ordaindu gabeko lana egiteko. Nik bezala, ziur naiz areto honetan gauden guztiak edo gehiengoak bizitu dugula horrelako egoera bat, eta ziur naiz ere konturatu dela familia barruan erantzukizuna ez dela beti eta automatikoki erantzukizun parekidea.

Geroztik jakin dut ere zer den ama izatea, eta zer den haurrak hezitzea eta zaintzea, zer den orduan zegoen bezala aitak 15 eguneko baimena izatea, eta haur jaio berri batekin egotea etxean bakarrik zure bizitza erabat aldatu den unean, eta etxera etortzen ziren familiartekoak ere emakumezkoak ziren. Haurrak amonarekin uzten ditugu, hori esateko ohitura baitago, eta jendartea antolatuta dago emakumeak lan remuneratua utzi eta etxeko lanak egin ditzaten. Hori aldatu beharra dago.

Familia politikek laguntza gehiago behar dituzte, benetan eraginkorra izango den politika beharrezkoa da, hortik hasten baita dena, etxean baitago desoreka handiena. Etxean ikasten da, familia barnean ikusten diren jokabideak errepikatu egiten dira gerora, eta benetako berdintasun batera heltzeko garrantzitsua da familian benetako erantzukizun parekidea lortzea.

EUROPAN BADIRA ADIBIDEAK

Bruselan, lan ordutegia flexiblea da, goizeko 8ak eta 9:30ak artean lanera sartzeko aukera dago goizetan eta 16ak eta 17:30ak artean ateratzeko aukera. Familia batean horrek errazten du eguneroko antolaketa haurrak ikastoletara eraman eta ekartzeko orduan, goizean gurasoetako batek eramaten ditu haurrak ikastolara eta arratsaldean besteak jasotzen du, egia da guraso bakarraren kasuetan ez duela egoera guztiz konpontzen, bai goiza ala arratsaldea.
Frantzian, astean 39 ordutik 35 ordura pasa zirenean, ordu horiek murriztu ordez erabaki zen ordu horiek akumulatzea hilabetean 2 egun eta erdi errekuperatuaz, horiek zaintza lanetarako erabili ohi dira, haurrak gaixorik daudenean… Beste hainbat herrialdeetan, etxetik lan egitea, bilera konkretuak daudenean ez ezik zilegi da, eta horrela erabili izan da familia eta lana bateragarri egiteko.
Europako beste hainbat herrialdeetako adibideak eman nitzake, eta adibide horiek martxan jartzea proposa daiteke, baina arazoa da, Europan familia politikei zuzendutako baliabideei buruz ari garenean, treneko azken bagoian gaude, eta argi dago horrela oso zaila dela benetako berdintasun batera iristea.

Gaur hemen aztertzen dugun ebazpenean zaintza politiken aldaketa bat eskatzen da, familien barruan erantzukizuna parekidea izan dadin iritsi ahal izateko politikak jartzeko asmoz. Podemos taldeko Patricia Getek, esan zidanean akordioa lortzea ez zegoela erraza. Pentsatu nuen PNV eta PSEk politika aldaketarekin arazo bat ukan zezaketela, edota beste politika mota batzuk bultzatu nahi zenituztela eta uztartu ezinak zirela. Baina zur eta lur gelditu nintzen jakitean arazoa zela ez zeundetela ebaluaketa egitearekin ados. Arazo bat konpontzeko, lehen gauza da jakitea arazoa non dagoen, eta ez dut ikusten nola egin daitekeen politiken erabateko aldaketa bat ez badugu jakin nahi aurreko politikak zein heinetan ziren eraginkorrak eta nolako aldaketak behar dituen benetan zaintzan erantzukizun parekide bat lortu ahal izateko. Azterlan/diagnostiko jartzen duzuenean, ez dakit oso ondo zer den ulertu behar dena, batez ere kontutan izanik ez duzuela ebaluaketa erabiltzea nahi izan, edo hori izan da aitzakia emendakina ez onartzeko.

Gainera ezinbestekoa da ebaluaketa hori egiteko, eta gerora benetako erantzukidetasuna lortzeko, lana eragileekin egitea, kasu honetan batez ere talde feministekin, beraien iritzia horrelako gaietan beti baita ezinbesteko. Legealdi oso batean ikusi dugu nik neuk zuzendu dudan berdintasun batzordetik, nola egin duen berdintasun zuzendaritzak “lana” eragile feministei bizkarra emanez. Aurreko legealdian lortu zen sarea eta elkarlana zapuztuz eta hautsiz. Beraz, ez nau harritzen kasu honetan ere puntu horrekin ados ez egotea.

Berdintasunaz ari garenean guztion elkarlana beharrezkoa da, ezin gara ibili bozka zenbakiak begiratzen, denok ditugu ekarpenak egiteko. Baina ez duzue nahi, zuek zuenera jarraitzen duzue eta inguruan gertatzen dena berdin zaizue, eta ezin dut ulertu zergatik ez geran hemen adostasun batera iritsi. Zuena atera nahi izan duzue, besteen iritzia kontutan izan gabe.
Berdintasun gaiei buruz askotan ihardun dut atril honetan, eta beti izan da dezepzio bat ikustea nola betetzen zaizuen ahoa berdintasunaz hitz egiten eta zer zaila zaizuen eragitea, legealdiko azken plenoa den honetan ez dira gauzak aldatu eta jarraitzen diozue berdintasunari bizkarra ematen. Gero, Martxoak 8a iritsiko da eta ahoa beteko zaizue zer den ez dakizuten feminismoaz hitz egiten. Utzi kanpora begirako deklarazioak egiteari, eta jar zaitezte lanean benetako berdintasuna lortzeko helburuz.