Leire Pinedok sektore publiko sendo baten beharra aldarrikatu du, eta horrekin bat egiteko eskatu dio Gatzagaetxeberria sailburuari, “zerbitzu publikoetan inbertitzeak ekonomia suspertzea ekarriko duelako”.

EH Bilduk ogasun eta ekonomia arloan euskal gizarteak dituen lehentasunak “denon artean adosteko” deialdia egin dio gaur Ricardo Gatzagaetxeberria Ogasun eta Finantza sailburuari azken honek Legebiltzarrean egindako agerraldian, “gizarte ongizatea eta gure herriaren ekonomiaren garapena ziurtatzeko”, Leire Pinedo legebiltzarkideak adierazi duenez. “Hori guztia egiteko tresna propioak ditugu eta erabili behar ditugu”, nabarmendu du EH Bilduren ordezkariak, eta Madrilen egindako murrizketen harira, ohartarazi du “ez dugula menpekotasun eta inposaketa egoerarik onartu behar, krisi honetatik herri moduan atera behar baitugu, etorkizunerako oinarri sendoak jartzeko elkarlana bultzatuz”.

Horri jarraituz, hemendik gutxira Jaurlaritzaren eta espainiar Gobernuaren artean negoziatu beharreko Kupoa gogora ekarri du Pinedok, eta negoziatzeari ekin aurretik euskal jendartearen lehentasunak “hemen, Euskal Herrian, adostu eta erabakitzeko” eskatu dio Gatzagaetxeberriari, “negoziaziora herri honen ordezkari moduan indarrez joateko, eta ez gutxiengoan dagoen gobernu baten hitza eramateko”.

Krisian sakontzera daraman eredutik zeharo aldenduta, EH Bilduko legebiltzarkideak “sistema errotik aldatzearen aldeko eredua” aldarrikatu du, eta hori Urkulluren Gobernuak jada sustatu eta ontzat eman dituen murrizketekin bateraezina dela salatu du, murrizketa horiek zerbitzu publikoen kalitatean eragin zuzena izango dutela erantsiz. Horren harira, Pinedok sektore publiko sendo baten beharra defendatu du, “zerbitzu publikoetan inbertitzeak ekonomia suspertzea” ekarri eta lanean ere eragin positiboa izango duelako, gizartea hobeto, era justuago batean, antolatzen laguntzeaz gain. Horretarako ezinbestekoa izango da, EH Bilduren iritziz, zerga-politikan aldaketa sakonak egitea. Hori dela eta, orain arte EAJk bide horri ateak behin eta berriz itxi dizkiola gogorarazi ondoren, Leire Pinedok Gipuzkoako Aldundian hartutako norabideari jarraitzera dei egin dio Ogasun eta Finantza sailburuari, Bilduk sustatutako sistema bidezkoago eta progresiboago horren bitartez frogatzen ari delako diru-bilketa publikoa handiagoa dela eta aberastasunaren banaketa modu justuago baten arabera egitea posible dela.