EH Bilduk Laudion antolatutako hauteskunde-solasaldian parte hartu du Eba Blancok, Ainhize Solaun batzarkidearekin batera eta hauteskunde-programaren gakoak eman ditu. Jarrera proposatzailea izan du EH Bilduk kanpaina osoan eta tonu berdinean eta solasaldiaren formatuak posible egiten duen hurbiltasuna baliatuta osasun larrialdiak sortutako krisia sistema publikoa hobetzeko aukera ere badela azpimarratu du Blancok, herritar gehienen beharrei erantzun diezaien.
“EH Bilduk proposamen argia eta zehatza egin dio euskal gizarteari, Urkulluren EAJren eredu gris eta zaharkituaren aurrean”, esan du Blancok: “EH Bildu gobernatzeko prest dago; Maddalen Iriarte lehendakari dela, justizia sozialerantz urratsak emateko prest”.
Covid 19k agerian utzi dituen sistemaren arazoen laburpena egin ostean, Eusko Alkartasunako jarduneko idazkari nagusi eta Eusko Legebiltzarreko presidenteordeak “konfinamenduan egunero eman ditugun txaloak erantzun bihurtzeko” deia egin du. EH Bilduren programatik hainbat proposamen aipatu ditu Blancok: “Osakidetzaren langile kopurua gehitzea eta lehen mailako arreta indartzea; Lan Erreforma baliogabetzea; 1.200 euroko LGS eta 35 orduko lan astera abiatzea; 1.080 euroko gutxieneko erretiro pentsioa; hezkuntza sistemaren erreforma; eta klima aldaketaren erronkari aurre egiteko neurriak” besteak beste.
Aiarako kuadrillaren ezagutzatik, azken krisi ekonomikoak bereziki zigortutako zonalde baterako proposatutako neurriak ere aipatu ditu.
eva laudio