Jesus Mari Larrazabal Jesus Mari Larrazabalen iritziz, batzorde horrek ekarpen handia egin dezake frankismoaren biktimen aitorpena egiteko eta indarkeria saihesten eta bakea sustatzen lagun dezake historiaren gaineko irakurketa inpartziala eginez.

EAk Egiaren Batzordea eratzea proposatu du Legebiltzarrean 1936-1939 arteko gerran eta ondorengo diktadura aldian gertatutako giza eskubideen urraketak argitzeko eta biktimek eta beren senitartekoek egia ezagutzeko, justizia lortzeko eta kalte-ordaina jasotzeko duten eskubidea defendatzeko. Era honetan EAk Jaurlaritzak iragan legealdian hartutako konpromisoak jaso ditu, bai eta horrelako batzorde bat eratzeko Giza Eskubideen Zuzendaritzak jarri zituen oinarriak ere.

Mozio honekin Jesus Mari Larrazabalek legebiltzar-taldeen babesa lortu nahi du “Egiaren Batzorde batek oso ekarpen garrantzitsua egin dezakeelako frankismoaren biktimen aitorpena egiteko eta historiaren gaineko irakurketa inpartziala ere egin dezake, eta hori balio handikoa litzateke indarkeria saihesteko eta bakea sustatzeko”.

EAren mozioak Egiaren Batzordearen eginkizunak zehazten ditu: giza eskubideen urraketei buruzko egia zehazten laguntzea -zer gertatu zen, non gertatu zen eta zergatik gertatu zen-, urraketa horien egileak beren erantzukizuna onartzera bultzatzea, biktimei plataforma publikoa eskaintzea, eztabaida publikoa sustatzea, eman beharreko kalte-ordainei buruzko gomendioak ematea, erreforma legalak proposatzea, adiskidetzea sustatzea eta trantsizio demokratikoa benetan sendotzen laguntzea.

Jatorria: Eusko Alkartasuna