Anjeles Iztueta. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua

•Zer da Bizi Osorako Hezkuntzaren Lokal eta Erregioen Europako Elkartea? Zein helbururekin sortu zen?

Europako herrialdeen elkarte bat da, etengabeko hezkuntzari lotutakoa. Bi helburu ditu. Batetik, herrialdeen arteko elkarlana sustatzea, eta, bestetik, egun garrantzi handia duen gai bati eustea: etengabeko hezkuntza. Horren barruan sartzen dira bai hezkuntza eta bai prestakuntza.

•Nola sortu zen elkarte hori? Zeinen ekimenez?

Lisboan, 2000. urtean, lerro nagusiak ezarri ziren hezkuntza eta prestakuntzarako, eta horren barruan etengabeko irakaskuntzakoak. Horren ostean, Eusko Jaurlaritzak txosten bat egin zuen, eta guk bezala beste herrialde batzuek ere euren erreflexioak eraman zituzten Europako Batzordera. Orduan, une horretan aktiboen izan ziren lurraldeek erabaki zuten horrelako elkarte bat sortzea.

•Zeintzuk izan ziren sustatzaile horiek?

Hasiera batean izan ginen Toskana, Gales, Renania, Suediako, Danimarkako eta Finlandiako beste lurralde bana… Eta gu, gu ere hasieratik izan gara bertan. Gainera, guk lehendakaritzaordetza daukagu. Iazko urrian sortu genuen elkartea.

•Heziketan eta prestakuntzan aurrera egitea helburu gisa du, baina aldarrikapenak ere badu bere lekua, ez?

Bai, hemen hainbat lurralde elkartzen gara, eta batzuk lurralde historikoak gara; gainera, eskuduntzak izateaz gain, badugu bokazioa Europan nazio bezala aritzeko.

•Bizi osorako hezkuntzaz ari garenean, zertaz ari gara?

Gaur egun, gero eta gehiago, bizitzeko modua aldatzen ari da, eta lehen banatuta zeuden epeak —ikasteko, familiarako, lanerako…— orain dena nahastuta dago, eta guztiak bateragarri egin behar ditugu. Guk ikasi egiten dugu bizitza osoan zehar, lan mota ugaritara egokitzeko, esaterako. Bizitza osoa egokitzen joan behar dugu, eta horrek eskatzen du ikasteko eta prestatzeko erak aldatzea.

•Nola aldatzen dira ikasteko modu horiek?

Era askotan. Esaterako, irakaskuntzak malgutasun handiagoa behar du, ikasi behar dugulako, ez ordu edo toki finko batzuetan, baizik eta egun guztian eta gure beharren arabera. Bestetik, edozein dela ere ikasteko modua, akreditazioa edo titulazioa behar du. Beraz, dena sartzen da horren barruan; ikasi, edozein gai, eta malgutasunarekin; ikasitako horrek behar du akreditazioa eta homologazioa; eta, gainera, homologazio horrek izan behar du Europako edozein herrialdetarako baliagarria. Orduan, bakoitzak egingo du bere curriculuma pusketa txikiz osatuta, baina guztia akreditatuta. Horrek eskatzen du hezkuntza sistema arautua irekitzea, gure eskolak eta unibertsitateak irekiagoak izango dira; gaietan eta denboran.

•Aldaketa handia beharko du horrek.

Bai, aldaketa izugarria eskatzen du. Hezkuntza asko aldatu da 50 urtetik orain arte, hezkuntzarako epea luzatu egin da gure aitona-amonen garaietatik, eta aldatzen joan beharko da. Izan ere, lehen lan batean sartu eta bizitza osoa igarotzen zuten horretan; orain, aldiz, lana gehiago aldatzen da eta zure lanean bertan ere aldaketetara egokitzen joan behar duzu. Beraz, horrek egokitzapena eskatzen du. Dena lotua dago, batek lan egiten du, baina, era berean, lan eta ikasi egin behar du. Bizitza sistema berri horretarako hezkuntza prestatzea da helburua.

•Zein da forum honetara zuek ekarritako aldarrikapen edo eskaera?

Demokrazia batean, demokrazia indartzeko, gizarteak ondo prestatua egon behar du; demokrazia batek gizarte aktiboa eskatzen du, kritikoa, eta hori landu behar dugu. Beraz, berebiziko garrantzia du horretan etengabeko hezkuntzak; herritarra zenbat eta prestatuago eta kritikoagoa izan, demokrazia ere askoz ere indartsugoa izango da.

Eider Goenaga
Jatorria: Anjeles Iztueta