Bilbobuseko geltokietako irisgarritasun-arazoak konpontzeko eskatu dio Udalari Bruno Zubizarretak, EH bilduko Bilboko zinegotziak. Arazo horiek medio, dibertsitate funtzionala duten erabiltzaileek ezin dute hiriko udal-garraioa modu normalizatuan erabili.
Irisgarritasun unibertsala erraztuko luketen obra txikien bidez Bilbo inklusiboago baterantz abiatzea posible dela azpimarratu du Zubizarretak, Eusko Alkartasunako Bilboko Batzorde Eragileko presidenteak. “Mundu osoan ospea duen arkitekto batek sinatutako markesina berriak estreinatu ditzakegu, baina bilbotar bakar batek ezin badu Bilbobusa hartu, denontzako hiria izateko helburuan porrot egingo dugu”, adierazi du.
Bidaiari kopuru handia duten zenbait geltokitan “edukiontziak, seinaleak, loreontziak eta hiriko beste higiezin batzuk daude, eta, ondorioz, ezinezkoa da autobusa hurbiltzea, gurpil-aulkian dauden mugitzeko arazoak dituzten erabiltzaileentzako arrapala erabiltzea eragotziz; zorua hautsita dago, edo espaloiaren altuera ez da egokia”, azaldu du zinegotziak, datu zehatzak eskainiz.
Irisgarritasun unibertsala betetzea lehentasuna da Zubizarretarentzat, izan ere, “besteontzat horren gauza erraza dena egiteko aukera eskatzen du: Bilbobus bat berme guztiekin hartzeko aukera”.
EAJk uko egin dio arazoak konpontzeko konpromisoa hartzeari, eta, bere ohiko boto errodiloarekin, mozioa atzera bota du.