Kanpaina oso muturrekoaren, oso oldarkorraren ostean, Erresuma Batua Europar Batasunean geratzearen aldeko diputatu laborista bat ere asasinatu zutelarik, gaur erabakiko dute Erresuma Batuko –eta egingo Commonwealth-eko- hiritarrek Europar Batasunean gelditu ala ez.
Urrutik datorren liskarra dugu honako hau, betidanik ikusi baitute ingelesek beren irla hartatik Europa besteen zerbait gisa, urrun.Hasiera-hasieratik egon ziren britaniarrak urrun europar eraikuntzatik, eta ulertu daiteke, merkataritza eta harreman politikoak kolonia eta kolonia izandakoekin baitzituzten, Commonwealth-arekin.
Denboraren poderioz eta gehienera, truke librerako eremu bat sortzeko prest agertu dira, subiranotasunik bat ere eman gabe, Europaren batasun politikoaren aurka agertuta. Horregatik betatu zuen De Gaulle-k beren sarrera eta ezin izan ziren 1973. urterarte sartu, jenerala hil ostean.
Europartasunaren aurkako sena oso da presente Ingalaterran eta egun eskuin mutur ingelesak, UKIP alderdi politikoak, sarri eta abileziaz baliatu duen faktorea da.
UKIPen hauteskunde-gorakadaren aurrean, Cameron-ek hordagoa bota zuen haren igoerari galga jarri nahiaz eta erreferendumerako deia egin zuen Erresuma Batuak Europar Batasunean geratu behar zuen edo ez erabakitzeko, eskuin mutur ingelesaren argumentu indartsuenetako bat indarge uztearren eta auzi horri amaiera jartzeko, behin betikoz.
Alabaina, jokaldia kamuts atera lekioke, bai kontserbadoreak bai laboristak banatuta baitaude kontu honen inguruan.
Eta harritzekoa da zinez, jakina baita Erresuma Batuak lortu ahal izan dituela klausula esklusiboak, Europar Batasunak emandako arauetatik salbuestekoak. Ingalaterrak beti izan du lehentasunezko tratua, gainontzeko herriek batasunetik irten ez zedin ekidin gura zutelarik. Areago, Ingalaterra, eman baino gehiago jaso du Europar Batasunaren aldetik, baina, antza, ez da nahikoa izan.
Izan ere, Cameron, erreferendumerako deia egin eta gero, Bruselara joan zen salbuespenezko arau gehiagoren eskatzera, erreferendumaren aurreko kokapena hobetzeko. Eta berriz ere, lortu zuen. Europak berarekin adostutako akordioa lotsagarria da. Emigranteen gizarte eta lan eskubideak murrizteko baimena eman zaio, nazionalitatea edozein delarik, hiritarren eskubideen berdintasun printzipioa errotik hautsiz. Honez gain, baieztatzen da Erresuma Batua inoiz ez dela euroaren barruan egongo, ez eta parte hartuko ere Europaren eraiketa politikoan.
Osterantzean, zer nolako eraginak izan ahal ditu erreferendumak irlan?
Asko. Eskozia, Gales eta Ipar Irlanda, Ingalaterra ez bezala, Europazaleak dira.
Eskozia, 5,5 milioi bizilagun dituela, zinez aldekoa da Europar Batasunaren kide izateko. Hango alderdi politiko guztiak dira aldeko. Bai eta eskoziar kontserbadoreak ere. Europar Batasunetik irteteko aukera irabazle balitz, eskoziar gobernuak jada iragarri du independentziarako bigarren erreferendum bat deituko duela epe laburrean.
Galesen ere, populazioaren gehiengoa dago Europaren barruan egotearen alde. Bertako ezkerreko mugimendu abertzalea gorantz doa eta, hartara, errebindikazio nazionala sendotuko litzateke.
Ipar Irlandan motzagoak dira emaitzen arteko aldeak. Baina, Irlandaren kasuan, egiazko kezka nazionala da Erresuma Batua Batasunetik ateratzea, irlaren banaketa itzel sakonduko bailitzateke. Mugak jarriko ahal dira berriro eta, gainera, europar funts asko galduko lirateke, bakerako akordioaren ostean normalizazio politikoa eta ekonomikoa lortzeko asmoz emanak.
Eta irletatik at, Gibraltar dago. Bertako ministroak iragarri du dagoeneko Espainiari atxikitzeko eskatuko duela, Erresuma Batuak Batasuna lagako balu.
Erresuma Batuak alde egiten badu, alde bitako akordioak baliatu beharko ditu Norvegia eta Suitza bezala, baina hango krisi ekonomiko sakona kontutan hartuta, austeritate gehiago eragingo da, murrizketa eta atzerakada sozial eta laboralak areagotuz, Europa sozialaren, demokratikoaren eta solidarioaren akabua, hortaz.
Baina erreferendumak ondorioak izango ditu bai ala bai, baita Europar Batasunean gelditzeraren aldekoek irabazten badute. Izan ere, normala litzateke herrialde batzuek, eskubide osoaz, Ingalaterrak egin bezala, batasuneko arauak baztertu eta beraientzat ere Europa Nahi Erara sortu.
Beraz, Europar Batasunak aldaketa serioak egiteari ekin behar dio, bestela bere amaiera izango da, batasuna ezin baita interes ekonomiko hutsetan oinarritu. irabaziz gero, barruan irauteko argudio ekonomikoen pisuarengatik izango da, Brexit-ak, TTIP-ak eta errefuxiatuen krisiaren gestio penagarriak Europar Batasunaren amaieraren hasiera dakarte ezinbestean, bai bederen, hasieran ideiatu zen bezalaxe.