32. urteurrena ospatu zuen atzo Eusko Alkartasunak ohi bezala Gasteizko Ejekutibak eta Arabako Koordinatzaileak antolatutako ekitaldiarekin. Sorrerako oinarriak berrestu zituen afiliazioak ekitaldian. Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak, Pello Urizarrek, Arabako koordinatzaileak, Iratxe Lopez de Aberasturik, eta Iñaki Sánchez, Gasteizko Ejekutibako presidenteak parte hartu zuten ekitaldian.

Sortu zenetik igaro diren hiru hamarkada luzeetan Eusko Alkartasunak sorrerako oinarriekin izan duen koherentzia azpimarratu zuten Sánchezek eta Lopez de Aberasturik: independentzia, giza eskubideak eta sozialdemokrazia. “Etorkizuneko erronkei begiratzeko ezinbestekoa da alderdi sozialdemokrata indartsua Euskal Herrian, Europara begiratzea baino ez dugu hori horrela dela ikusteko”, esan zuen Arabako koordinatzaileak.

Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak, Pello Urizarrek berriz, gidatzen duen alderdiak herriari egin dion ekarpena goraipatu zuen: “Azken hamarkadetako epe garrantzitsu guztietan egon da. Nafarroan egon diren bi aldaketa nagusietan protagonista izan da; EAEko autogobernuak izan dituen aurrerapauso guztietan parte hartu du, eta Iparraldean eman den garapena gure filosofiaren arabera eman da, alderdikeriak alde batera utzita elkarlana aritzearen ondorioz eman da garapena”.

Esparru bakoitzeko alderdiko arduradunek egin zituzten hitzaldi laburren ostean, Gasteizko Ejekutibak urteurren dokumentua aurkeztu zuen (prentsa oharrarekin batera doakizue). Testuak sorrerako printzipioak berresten dira, eta afiliazioak horiekin bat egin zuen, dokumentua sinatuz. Manolo Ibarrondo, Eusko Alkartasunako lehenengo presidentea izan zen sinatu zuen lehena. Ondoren, Urizar, Lopez de Aberasturi, Sánchez eta ekitaldian egon ziren afiliatuek ere dokumentuarekin bat egin zuten.

Sinadura bilketa eta Gasteizko Alkartetxean bertan egin zen luncharen ondoren, kalera irten ziren bildutakoak, Gasteizko erdigunean Kataluniako preso politikoen askatasuna eskatzen dituzten lazo horiak jartzeko.

Irakurri Gasteizko Ejekutibak aurkeztutako dokumentua:

Eusko Alkartasunak, 32 urte

Sorrerako oinarriak berresten ditu afiliazioak

Herriarentzat beharrezkoa den alderdia sortu genuen gaur 32 urte. Eta Euskal Herriarentzat tresna politiko bezala Eusko Alkartasunak duen zentzua eta mamiari buruz une batzuk hausnartzeko une egokia da 32. urteurrena.

Bakean bizi den gizarte justuagoa eta burujabetasunerako duen eskubidea gauzatzeko tresna behar zela konbentzituta jaio ginen. Beti herriaren zerbitzura eta ez herria erabiliz. Independentzia, bakea eta sozialdemokrazia dira, 1986ko irailaren 4tik aurrera, gure nortasunaren oinarriak.

Lanean eta militatzen egon garen 32 urteetan benetako erradikaltasuna eta indar politikoaren zutabeak ekintza baketsuetan eta hitzarekin konpromisoan direla defendatzen jakin dugu. Biolentzia gaitzetsi dugu, edonondik zetorrela ere. Biolentziaren alde guztiak pairatu ditu EUSKO ALKARTASUNAko militantziak eta biktimei, guztiei, ulermena eta konpromisoa helaraztea lehentasuna izan da guretzat.

Gardentasuna eta zintzotasunez aritu gara erakundeetan, gure jardueraren eraginkortasuna bilatuz; herri bat eraikitzeko jendartearen arazo errealei erantzuna eman behar dela jakinda, demagogia eta maximalismo idelogikoak gizarte bidegabeagoa eraikitzeko lanak ezin baitituzte oztopatu.

32 urte hauetan gure uste sendoak defendatzen ausartak izan gara, bidegabekeriarena urrean intsumisoak izan gara eta une bakoitzean egokia izan zitekeena egiteko erosotasunari aurre egin diogu. Horrela, azken hiru hamarkadetan lortu diren aurrerapen handietan aliantza politikoak eta jarreren protagonista izan gara, aldi berean gure nortasuna mantenduz.

Gu isiltzeko borondateak ametsak arindu dizkigu; asko dira boterean dauden talde politikoei interesatzen ez zaizkion ideiak isildu eta ahaztarazteko bideak, baina aurre egin dizkiegu: gure ahotsa ordezkaezina da eta inork ezin du gure izenean hitz egin, ez behintzat tonua galdu gabe.

Urte askotan egon gara politikan guztiak ez duela balio esaten, printzipioak eta koherentzia ez dagoela salgai; eta bakea, justizia eta gure herriaren eskubideei diegun leialtasuna gure nortasuna direla.

Gaur, 32 urte geroago, hemen, Gasteizen eta atzera begira etorkizunera jauzi egiten dugu eta alderdi handi baten parte izatearen harrotasunarekin EUSKO ALKARTASUNA, gure herriarekin duen konpromisoa berresten duela esaten dugu, bere sorrerako oinarriak jarraituz. Sinadura sinbolikoarekin, bere egunean EUSKO ALKARTASUNAk gizartearekin hartu zuen konpromisoa berresten dugu, sorrerako oinarrien gaurkotasuna azpimarratuz eta beraiekiko leialtasunetik.