Sozialisten «mehatxuei» erantzunez, herriari iritzia galdetzea ezin daitekeela inolaz ere legez kanpokoa izan adierazten du

«Garai berriak datozelako», baikor azaldu zen Unai Ziarreta Eusko Alkartasuneko presidentea. Eusko Legebiltzarrak kontsultarako lege egitasmoari baiezkoa emango diolakoan dago, «blokeo eta beto egoeratik ateratzeko dagoen bide bakarra» herriari galdetzea delako. Egitasmoak aurrera egin dezan, EAk «bultzada» emango diola baieztatu du, EAren helburua «Europan euskal errepublika bat, euskal estatu independente bat eratzea baita».

Aro berri horretara egokitzeko, Eusko Alkartasunak irudi berria estreinatu zuen larunbatean. Lehengo koloreei eta irudiari eutsi badie ere, berrikuntza seinaletzat aurkeztu zuten. Aurkezpen ekitaldia Donostiako Aquariumean izan zen. Kontsultaz mintzatzeko baliatu zuen agerraldia Ziarretak eta, bidenabar, PSE-EEko agintariek egunotan plazaratu dituzten zenbait «iruzur dialektiko desmuntatzeko».

Hala, EAk kontsultaren aldeko apustua egin duela nabarmendu du agintariak, «denon artean irekiko dugun ate bat delako». Ziarretaren esanetan, galdeketa lehen pauso bat baino ez da: «horrek beldurtzen du Madrilgo Gobernua».

Sozialisten «mehatxuei» erantzunez, «herriari iritzia galdetzea ezin daiteke inolaz ere legez kanpokoa izan, eta herritarrak ez ditu banatzen», esan zuen. «Sozialistek gehiengoa onartzen dute eurak tartean baldin badaude bakarrik, bestela ez dute gehiengorik onartzen», erantsi zuen.

Jatorria: Eusko Alkartasuna