Eusko Alkartasunako idazkari nagusiaren aburuz, 18/98 sumarioa ´PPren eragin politikoak tarteko abian jarri zela nabarmena da´ Unai Ziarreta Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak atzo adierazi zuenez, astelehenetik aurrera, 18/98 epaiketa abian jartzen denean jakingo dugu ´PSOEk benetako aldaketa baterako borondatea ote duen´. Ziarreta Portugaleteko Alkartetxean izan zen atzo alderdikideekin biltzeko. Bere ustez, 18/98 sumarioa ´PPren eragin politikoak tarteko abian jarri zela nabarmena da´.

´Testuinguru politiko berri batean aurkitzen garela uste dugu eta, horrenbestez, PSOEren Gobernuak beste jarrera politiko bat zuzendu behar duela pentsatzen dugu; barneratu garen bake eta normalkuntza prozesuan sortu daitezkeen oztopoak gainditzen lagundu behar dute´, azaldu zuen.

Joan den ostiralean Legebiltzarrean PSE-EE eta PP alderdiek izandako liskarrak ere izan zituen hizpide. ´PSEk Alderdi Popularrarengandik aldendu nahi duela ematen du, eta hori positiboa da, baina buru zuritze bat besterik ez dela uste dugu´, azpimarratu zuen.

Gauzak horrela, PSOEk orain arte ´aditzera eman duena´ astelehenetik aurrera ´gauzatzen hastea´ espero du Ziarretak.
Jatorria: Unai Ziarreta