JUANJO AGIRREZABALA Juanjo Agirrezabalak legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean, lehenbailehen eztabaidatzeko, “kaltetutako milaka lagun eta enpresa daudelako eta berehalako erantzun instituzionala behar dutelako”.

Eusko Jaurlaritzak presazko neurriak hartzea eta pasa den asteburuko uholdeek Gipuzkoan eta Bizkaian kaltetutako milaka lagun eta enpresarentzako laguntza ekonomikoak bideratzea nahi du Juanjo Agirrezabalak, eta horretarako legez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Laguntza horiek foru aldundiekin eta udalekin batera artikulatzeko eskatu dio EAko legebiltzarkideak Jaurlaritzari, euriteak etxebizitzetan, garajeetan eta enpresetan eragindako kalte materialak arintze aldera. Haren proposamena lehenbailehen eztabaidatzeko eskatu du gainera Agirrezabalak, “kaltetutako milaka lagun eta enpresa daudelako eta berehalako erantzun instituzionala behar dutelako”.

Irunen gizonezko bat hil eta Derion emakumezko bat desagertu dela gogora ekarri eta deitoratu du espreski EAko bozeramaileak. “Horrekin alderatuta, haien garrantzia askoz txikiagoa izanda ere, kalte materialak ere oso larriak izan dira -nabarmendu du- eta lagun batzuek den-dena galdu dute”. Beraz, bere iritziz, “Jaurlaritzak, gainontzeko instituzio publikoekin elkarlanean, erantzun eraginkorra emateko ardura bere gain hartu behar du orain”.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA