“Udalerriaren interes ekonomikoak babesteko, Gasteizko planeamenduari buruzko eztabaida zabaldu behar du alkateak gehiago itxoin barik”, eskatu du EAko zinegotziak. Atzo onartutako trenbidea lurperatzeko operazioak Gasteizko Udaleko ekonomia arriskuan jarri ez dezan plangintza zehatza behar dela esan du Eusko Alkartasunako Gasteizko Udaleko bozemailea, Antxon Belakortuk. Horregatik, ordezkari abertzaleak “udal talde guztiekin udalerriaren planeamenduari buruzko eztabaida lehen bait lehen zabaltzeko” eskatu dio alkateari.

“Egia da Udalak aukera bikaina duela hiriaren planeamenduari ekiteko baina arrisku handia dago eta krisi egoeran gaude”, esan du Belakortuk. Arriskua dago Udalak urbanizazioa egin behar duelako eta liberatutako lurrak saldu, “eta krisia gainditzeko itxaropenak haziz badoaz ere, lurrak saltzea zaila izango dela ezin da ukatu”.

Egoera honetan, “erabaki ekonomiko okerrek udalaren ekonomia suntsitu dezakete, horregatik erabat beharrezkoak ez diren gastuak alde batera utzi” behar direla esan du zinegotziak: “hala nola, 25 milioi € balio eta sei urte bakarrik erabiliko genukeen intermodala”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna