Bestalde, Justizia sailburuak uste du Batasunaren eta Espainiako Gobernuaren artean harremana egon dela, baina okertu egin dela. Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren agintean egoteko, PSE-EEk eta PPk ezkutuko akordioa adostu dutela salatu du gaur Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak.

“El Punto” ETBko saioan egin dioten elkarrizketan esan du hurrengo hauteskundeak oso garrantzitsuak direla gizarteko arlo guztietan; horien menpe baitaude, besteak beste, gizartea eraikitzeko prozesua, langabezia murriztea, industria sortzeko gaitasuna eta biztanle bakoitzeko errentari dagokionez Europan aurreneko postuetan segitzea.

Horrenbestez, Euskadiko sozialistek hirukoaren alternatiba norekin osatu nahi duten ez esatea larria iruditzen zaio Azkarragari. Haren hitzetan, guztiok dakigu PSE-EEk eta PPk aurretik akordioa adostu dutela.

Bestalde, Azkarragak uste du azken hilabeteotan Batasunak eta Espainiako Gobernuak harremana izan dutela, baina gerora okertu egin dela. Justizia sailburuaren aburuz, harreman hori okertzean, Batasunak hautagaien zerrenda aurkeztu zuen.

Azkarragak adierazi duenez, Batasunak ahal duen guztia egin behar du hauteskundeetan parte hartzeko. Horren harira aipatu du ezker abertzaleko alderdiak Jaurlaritza osatzen duen hirukoaren babesa duela, demokraziari dagokionez, guztiek hauteskundeetan parte hartzea garrantzitsua delako, haren esanetan.

Batasunak hauteskundeetan parte hartzeko ezintasuna lehendakariari egoztea, ordea, ez zaio ongi iruditzen. Justizia sailburuaren iritziz, Alderdien Legea sinatu zuten alderdiek dute horren ardura, eta baita Batasunak berak ere, hauteskundeetan aurkezteko ahalegina egin dezakeelako.
Jatorria: Joseba Azkarraga