Sari hori Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak sortu du eta aurten eman da estreinakoz

´Hetaira´ elkartea, prostituten eskubideak sustatzen eta babesten dituen taldeak jaso du Giza Eskubideen René Cassin Saria. Sari hori Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak sortu du eta aurten eman da estreinakoz.

Joseba Azkarraga sailburuak, Garaikoetxea lehendakariak, Ardanza lehendakariak, José Ángel Cuerdak, José Ignacio Lacastak, Arantza Urretabizkaiak, Gorka Landaburuk, Carlos Caballerok, Silvia Gayk, Nekane San Miguelek eta Manuela Mesak -Justizia sailburuorde Esther Larrañaga eta Giza Eskubideen zuzendari Txema Urkijorekin batera- osatu duten epaimahaiak gaur bertan eman du bere erabakiaren berri, Donostian komunikabideen aurrean izandako agerraldian.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak goraipatu egin du ´Hetaira´ elkarteak “askotan esplotatua eta ia inoiz errespetatua izan ez den giza talde baten duintasuna babesteko egindako lana”, eta baieztatu duenez, zoritxarrez giza talde horrek “gizartearen aldetik jasotzen duen arbuio eta mespretxuaren aurka borrokatzen direnen lana goraipatu nahi da” Justizia Sailak sortutako sariaren bitartez. Era berean, sari honekin zera lortu nahi lukeela adierazi zuen: “prostituzioan lan egiten duten pertsonek ere urratu ezin diren eskubideak dituztela kontura gaitezen”.

Pertsona guztien Giza Eskubideen alde Eusko Jaurlaritzak hartuta daukan konpromisoaren barruan kokatu zuen Azkarragak René Cassin Saria, eta uste osoa dauka “Giza Eskubideekiko errespeturik gabe, horiek babesteko ekimen aktiborik gabe demokrazia ezinezkoa den ideia errotu dadin gure Herrian, bertako herritar guztien baitan” ahal den era eta leku guztietan jardun behar dela.

Hala, gogorarazi zuen joan den apirilean deitutako sari horren bidez beren lana eta ibilbidearen bitartez 1948ko Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean jasotzen diren balioak sustatzen nabarmenki lagundu duten pertsonak edo entitateak saritu nahi direla. Horregatik da René Cassin, Baionan 1887an jaiotakoa, Bakearen Nobel sariduna 1968an eta Deklarazio Unibertsalaren sustatzaileetakoa, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak aurten sortutako sariari izena ematen diona.

Jatorria: Joseba Azkarraga