Bestalde, Larreinak esan du normalkuntza prozesuan aurrera egiteko Konstituzioa aldatzea beharrezkoa bada, ´aldatu egiten da eta ez da ezer gertatzen; izan ere, horixe baita demokrazia´ eta neurri horrek ´Trantsizio prozesua amaitzea ekarriko luke´. Konstituzioaren balizko aldaketen inguruan sortutako eztabaidaren harira, PPren ´fundamentalismoan eta tranpa dialektikoan ez jausteko´ exijitu dio Rafa Larreina Eusko Alkartasunako idazkariak Zapateroren Gobernuari. Gainera, Euskadin normalkuntza politikoa erdiesteko ´ausardia´ eskatu dio. Bestalde, Larreinak uste du, euskal presoen egoeraren harira, ´legearen baitan neurriak hartuz gero´, distentsio egoera bat sortzea ahalbidetuko litzatekeela.

EAk Gasteizen duen egoitzan prentsaurrekoa eskaini du Larreinak eta Konstituzioaren 27. urteurrena dela eta, egoera politikoa aztertu du. ´Une historiko eta garrantzitsu´ batean aurkitzen garela esan du, izan ere, ´aro politiko batetik besterako aldaketa´ prestatzen ari baita.

Konstituzioak trantsizioa ´amaitzeke´ daukala gogoratu du eta prozesu hori burutzeko testuak ´Espainiako Estatuan dauden nazionalitate ezberdinak onartu´ behar dituela azpimarratu du.

Azkenaldian sortutako ´krispazio eta nahasmena´ aintzat hartuta, ´lasaitasun mezua´ igorri behar dela esan du, ´aro aldaketa sosegu handienarekin eman dadin´. Bestalde, ´lasaitasuna eta espiritu demokratikoa´ izateko eskatu dio Larreinak Alderdi Popularrari. Era berean, PPren ´tranpa dialektikoan ez jausteko eta normalkuntza politikoan aurrera egiteko ausardia izateko´ eskatu dio PSOEri.

Euskal presoak

Eusko Alkartasunako idazkari nagusiaren arabera, Zapateroren Gobernuak gai jakin batzuetan ´gehiago egin dezake, hala nola, presoen inguruan´. ´Presoekiko neurriak hartuta, betiere legearen baitan, distentsio egoera bat sortzea ahalbidetuko litzateke´.

Normalkuntzak ´indarkeria eza´ eta alderdien legearen desagertzea behar ditu abiapuntutzat, Larreinaren ustez. Gainera, bi oinarri izan beharko lituzke: ´proiektu politiko guztiak askatasun osoz, inolako mehatxu edo oztopo legalik gabe, defendatu ahal izatea eta egitasmo horiek praktikan modu baketsu eta demokratiko batean jarri ahal izatea, gizartearen gehiengoaren babesa izanez gero´.

Normalkuntza erdiesteko faseak aipatu ditu Larreinak: ´indarkeria eza, elkarrizketa eta adostasuna´. Horretaz gainera, guztien artean adostutako akordioaren inguruan, ´gizarteari erabakitzeko ahalmena ematea´.

Konstituzioaren aldaketa

Aipatu faseetan aurrera egin ahal izateko, Larreinaren ustez, Konstituzioa aldatzea beharrezkoa bada, ´aldatu egiten da eta ez da ezer gertatzen; izan ere, horixe baita demokrazia´ eta neurri horrek ´Trantsizio prozesua amaitzea ekarriko luke´.
Jatorria: Rafael Larreina