Pello Urizar “Badakigu EAJk ezezkoa emango diola koalizio bat osatzeari”, esan du EAko idazkari nagusiak ETBn. Bilduk biktima guztiak aitortuko dituela adierazi du, baina une egokia dela uste dugunean, ez PPk eta PSOEk jarri nahi diguten erritmoan”.

Pello Urizar EAko idazkari nagusia elkarrizketatu dute gaur “Egun On Euskadi” saioan. ETAren atentaturik gabeko lehen urteurrenean, eta pausoak zeinek eman behar dituen galdetuta, Urizarrek “gutxienez hilabete pare batez berdin jarraituko dugu, hauteskunde aurreko garaian sartu garelako, eta Gobernua ez da mugituko” esan du. ETA mugituko ote den galdetuta, Urizarren ustez, “batak eta besteak mugitu beharko lirateke, eragile guztiak, ETA baita ere, eta Espainiako erakundeak ere badute ardura prozesu honetan. Norbaitek pausoak eman baditu, hori ETA izan da, eta beste batzuk oraindik ez dira mugitu ere egin, eta ez dute gainera mugitu nahi, ardura beti besteei emanez”.

“50 urte dituen gatazka armatu honi ez diogu 6 hilabeteetan irtenbidea emango, eta seguruenik urte betean ezta ere. Pausoak emateko ardura denok izan behar dugu, denok desiatzen dugun azken pausoa finkatzeko”. ETAren zatiketa arriskuaren inguruan, “arrisku hori beti egon da, eta beti egongo da ETAk behin betiko bukatu dela esan eta armak ematen dituen arte” adierazi du.

ETAren biolentzia kondenatuko ote duten eta terrorismoaren biktimen omenaldietan parte hartuko ote duten galdetuta, Urizarrek dio Bilduk era guztietako biktimen omenaldietan parte hartuko duela. “Bilduk euskal gizartearekin konpromezua du, eta zentzu horretan aurrerapausoak egongo dira, biktima guztiak onartuz, baina uste dugun erritmoan, ez PPk eta PSOEk jarri nahi diguten erritmoan, beraiek ez dituztelako biktima guztiak onartzen”.

Bilduko ordezkaritza batek EAJrekin duen bileraren inguruan, hauteskunde orokorretara begira koalizio bat sortzearen onurak sinestaraztea dela helburua adierazi du EAko idazkari nagusiak. “Azaroaren 20tik aurrera sortuko den egoeraren aurrean, Madrilera herri bezala joatea inoiz baino beharrezkoagoa da”. Hala ere, Urkulluk jada adierazi du hainbat elkarrizketatan erantzuna ezezkoa izango dela. “Jada zalantza guztiak argitu dira, hala ere eurekin bilera bat izatea eta proposamena zuzenean helaraztea gutxienez beharrezkoa da” esan du Urizarrek. Bilduren eskaintza, proiektu politikorik gabeko alderdien koalizio elektoralen amu bat besterik ez dela Urkulluk esan ostean, Urizarrek galdetu dio nola EAJk, bere proiektu politikoarekin, 2003an NaBai amalgaman sartzea onartu zuen. “Kontraesana dela” adierazi du Peio Urizarrek.

Bildu eta Aralar hauteskunde orokorretara batera joateko erabakiaren inguruan, “egoeraren analisia eginda, Aralarrek Bilduko hiru alderdiekin bat egiten du, eta garrantzitsua iruditzen zaigu Madrilen eskubideak dituen herri bezala aurkeztea”.

Zein formula eramango duten galdetuta, “oraindik beste fase batean gaude, xehetasunak falta dira. Aste hauetan gauza garrantzitsuak finkatu ditugu, zein filosofiarekin joango garen zehaztu eta zein mezu bidali nahi dugun” adierazi du, “beste guztia isteke dago” esan du Urizarrek.

Sortuk sartzeko tokia duen ere galdetu diote elkarrizketan, eta “lehenbailehen legala behar duela izan” adierazi du. “Apustu hauen kide izan behar du, akordio estrategikoen parte eta egoera normalizatua behar dugu; Madrileko erritmoek ez dute gure bidea blokeatuko”.

Nafarroaren egoeraz ere hitz egin du Urizarrek eta “bereziki arduratzen gaituen egoera” dela esan du. “UPNk egin duen irakurketarekin bat egiten dugu, abertzaleek gauzak ongi egiten baditugu errealitatea zein izango den ikusi duelako”. “Bi ordezkari ateratzeko aukera dugu eta Nafarroan lehen indarra izateko aukera, horregatik erantzukizun egokia defendatzen dugu, ezberdintasunak egon daitezkeela onartuz, baina Madrilera herri bateratu baten irudia eramanez”.

Euskal gizarteak, behin betiko biolentzia iraganeko gauza izatea nahi duela argi dutela dio, “baina ez irabazle eta galtzaileekin, hori ez zaio gizarteari gustatzen”. “Behin betiko irtenbide baten alde egingo dugu lan” adierazi du Urizarrek.

Jatorria: EITB