Joan den Abenduan, Baiona ttipian gertatu den istorio bat kontatuko dizuet. Olentzero bere menditik jautsia zen, piparentzat tabakoaren bila. Tabakoa erosirik, ondoko tabernara joan zen baso bat arno edatera, eta horra nun 6 eskalek ezaguturik, opariak galdetzen hasi zitzaizkioten! Barraren puntan zena hasi zen: ´Aizu Olentzero, inguru huntan ez dugu distrakzio haundirik, eta badelarik, frantsesez soilik! Nik gure Euskal Herriari eta munduko beste populuei buruzko hitzaldiak eta eztabaidak entzun nahi nituzke.´ Orduan, lehen eskalearen ondoan zen neska gazte abertzalea bere eskaera egitera ausartu zen: ´Gazte Abertzaleek ez dugu lokalik gure elkartasun ekintzak prestatzeko eta gure artean mundu hobe bat nola eraiki eztabaidatzeko…´ Olentzerok, esaldia bukatu baino lehen, hori eguberritarako emanen ziola zin egin zion. Mahain baten inguruan eseriak ziren 2 gizon eta andre bat hasi zitzaizkion: ´Nik euskal aldizkari, egunkari eta liburuak lasai irakurtzeko toki bat nahi dut…´ Ondokoak: ´Nik, nere lagunekin Euskal Herria hobeki ezagutzeko bidaiak egin nahi nituzke!´ Hirugarrenak, tripa haundia zuenak: ´Adiskideekin bazkari-afariak egiteko txokoa eskaintzen ahalko zeniguke?´ Egun hartan eguraldi ederra zenez, Olentzero kontent zen eta eskaera guziak onartu zituen.

Orduan, tabernako bestaldetik, marrazki bat egiten ari zen txori-buru itxurako batek galdegin zuen: ´Eta Baiona ttipian erakusketak egiteko sala bat eskaintzen ahalko zeniguke artistoi?´ Olentzerok: ´Lasai Picasso, hori ukanen duk eguberrirako.´

Olentzeron sinesten ez dutenak, Pannecau karrikako 47an irekiko den Elkartetxe zabal eta anitzera joaiten ahalko dira egiazki existitzen dela ohartzeko. Leku eta ideia desberdineko kideek osaturiko elkarteak lehen aipaturiko aktibitate guziak antolatuko bait ditu.

Beste batzuek, kide horiei pentsatuz: ´C´est pas un cadeau!´ erranen dute, egin beharko den lana gaitza izanen baita. Bainan maite dena egiten delarik, gaitza iduri duena samurra bihurtzen da.

Beraz Elkartetxeaz gozatuko dugun guzien partetik: milesker Olentzero!

Jatorria: Haritza Camblong