Osalanek “Segurtasuna, osasun eta biziaren iturri” leloa duen kanpainarako egokitu duen ikasgela ibiltaria aurkeztu die Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak Ibarretxe lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzako beste kideei. Jaurlaritzako Kontseilukideek Osalanen autobus berdea bisitatu dute Lehendakaritzaren egoitzan bertan, Gasteizen, astearteetako ohiko kontseilua hasi baino lehentxeago.

Azaroaren 26an estreinatu eta Bizkaiko eta Arabako hainbat ikastetxetan ibili eta gero, kanpaina hori partaidetza zabala jasotzen ari da DBHko 3. eta 4.eko ikasleen artean, edukien inguruko iritzi ezin hobearekin.

Jaurlaritzaren Kontseiluko kideek interes handia azaldu dute produkzio-arlo desberdinetako lan-arriskuko egoerak irudikatzen dituen bideojokoa gertutik ezagutzeko, ordenagailuko joko entretenigarri eta didaktiko hori bihurtu da kanpainaren protagonista. Sailburuetako batzuk sagua erabiltzeko eta multimedia programak jartzen dituen arazoei irtenbidea aurkitzeko trebetasuna neurtzen ere ausartu dira.

Azkarraga sailburuak azpimarratu nahi izan du lan-arriskuen aurkako borrokan Eusko Jaurlaritzak duen konpromisoaren irudia lortu nahi dela bisita horren bitartez. Horren ildotik, bere sailak plan zehatz batzuetan garatzen dituen ahaleginak azpimarratu ditu, hala nola, istripuen aurkako plana, atxikitako enpresetan istripu kopuruak nabarmenki jaisteko balio izan duena, edo eraikuntza-arloko istripuen aurka borrokatzeko berariazko plana, aurten hasi dena. Era berean, Osalaneko autobusarena bezalako ekimenen garrantzia azpimarratu zuen, “eskola-adinetik bertatik lan-prebentzioa sustatzeko helburuarekin garatua, ekimen horiek direlako epe luzean gizarteko beltzune horren aurka borrokatzeko tresna hoberena, gaur haurrak eta bihar enpresariak eta langileak izango direnengan eraginez”.

Joseba Azkarragak azaldu die sailburuei “segurtasuna osasun eta biziaren iturri” kanpaina ikasturte honetan guztian egingo dela eta 33.000 ikasle ingururengana iristea aurreikusten dela, gure geografiako 200 ikastetxetan (1.320 ikasgeletan) banatuta. Baita ere, autobusak Bilboko Umeen Gabonetako Parkean jaso zuen bisita-kopuru altua, bai ikasleen bai helduen aldetik.

Jatorria: Joseba Azkarraga