EAko presidenteak ez du baztertu akordioa hauteskundeen ondoren egitea

Datorren urteko udal eta foru hauteskundeetako koalizioa osatzeko EAJrekin egiten ari diren negoziazioetan «itxikeria» baino ez dutela aurkitu esan zuen Begoña Errazti EAko lehendakariak, atzo, Donostian. EAJrekin izandako harremanetan Eusko Alkartasunak «malgutasunez» jokatu duela eta «beste aldeak dioena eta beste aldearen errealitatea ikusten ahalegindu» dela esan zuen, eta negoziazioetan «zuhurtzia» eta «bestearekiko errespetua» behar direla gehitu zuen.

EA «beste indar politiko batzuekin» ere harremanetan hasiko dela adierazi zuen Erraztik, EAko burukide eta hautetsi gipuzkoarrekin egindako batzarraren ondorengo adierazpenetan. «Gure Batzar Nazionalaren agindua dugu egitasmo progresistetan eta soberanistetan urratsak egiteko, gure herriaren eskubideei erantzuteko», adierazi zuen EAko lehendakariak, eta gaineratu: «Hor aurkituko gaituzte aurkitu nahi gaituztenek, eta ez gaituzte aurkituko gizartean liskar gehiago sortzeko lekuetan».

Begoña Erraztik ez zuen baztertu hauteskunde koalizioa egin beharrean hauteskunde ondoko aliantzak egitea.

«EAk izendatuko luke Donostiako alkategaia»

Alderdi jeltzaleak Roman Sudupe Donostiarako alkategai izendatu izanaz, EAJk «alderdi subiranoa denez», bere hautagaiak izendatzeko eskubidea duela esan zuen Begoña Erraztik, baina koalizio akordioa egingo balitz, zerrendaburua Eusko Alkartasunak izendatuko lukeela. «Gai horri buruz ez dugu besterik esango. Bakoitzak badaki zein diren bere hautagaiak, eta akordio nazionala balego, orduan nabarmena da EA izango litzatekeela hautagaitzako burua».

Jatorria: Begoña Errazti