EAren Batzar Nagusia Gasteizen bildu da gaur arratsaldean eta bilera hasi aurretik minutu bateko isilunea egin du Frantziako polizia baten hilketa salatzeko.

EAren Batzar Nagusia Gasteizen bildu da gaur arratsaldean eta bilera hasi aurretik minutu bateko isilunea egin du Frantziako polizia baten hilketa salatzeko. Dammarie-lès-Lys herrian polizia bat hilda utzi duen ETAren ekintza gaitzetsi du EAk, eta biktimaren senitartekoei eta lagunei elkartasun osoa adierazi die. Euskal gizarteak jarduera armatua behin betiko bertan behera uzteko exijitzen dio ETAri, baina honek, berriro ere, ez dio jaramonik egin. Euskal Herriak ETAren desagerpena bakarrik nahi du.

Indar subiranista guztiok behin eta berriro adierazi dugunari jarraituz, EAk nabarmendu nahi du mugimendu independentista egituratzea eta Euskal Herrian normalizazio politikoa lortzea bakarrik bide politikoak eta baketsuak erabiliz posiblea izango dela.

EAk normalizazio politikoaren eta bakearen alde lanean jarraituko du, konpromiso hori atzokoa bezalako gertaera baten ondoren inoiz baino beharrezkoagoa delako.

Jatorria: Eusko Alkartasuna