Mikel Irujok adierazi du kontsultaren gaian EA ez dela alderdi politiko espainolistei soilik mesede egiten dien zentzurik gabeko adierazpen publiko antzuetan sartuko”

Mikel Irujok galdeketaren aurrean dugun arazorik larriena PSOE eta PPren jarrera dela adierazi du, “bi alderdi hauek ez baitute Euskal Herriaren subiranotasuna eta erabakitzeko eskubidea onartzen”. Beste motatako arazoak “Eusko Jaurlaritzan gauden alderdien barruan konpondu beharrekoak direla” gaineratu du.

Urkullu jaunak galdeketaren aurrean hizka-mizka publikoa bilatzen badu ez duela Eusko Alkartasuna aurkituko ziurtatu du EAko komunikazio arduradunak. “Inongo dudarik gabe legebiltzarrean onartu zen kontsultaren lege proposamena eta galdeketaren inguruko ekimen guztiak defendatzen ditugu eta Urkullu jaunak arerioa “beste toki batean” bilatu behar duela oharterazi du berriro Irujok.

Mikel Irujoren ustez “gizartea ez nahasteko” kontsultaren inguruan mezu bateratu bat kaleratu behar da; “herri txiki bat gera eta belaunaldi asko daramakigu erabakitzeko eskubidearen defentsaren saiakeran. Gure aurrean eskubide hau behin eta berriro ukatzen diguten bi estatu dauzkagu. Arazo hau ez al da EAko líder politiko baten adierazpen puntual batzu baino larriagoa?

Bestalde, kontsultaren inguruan mezu bateratu bat eskatu izanagatik, beste gai batzuetan eritzi desberdinak izan ditzakegula adierazi du Irujok, Urdaibaiko bigarren Guggenheimen proiektua kasu.

Azkenik Mikel Irujok adierazi du “kontsultaren gaian EA ez dela alderdi politiko espainolistei soilik mesede egiten dien zentzurik gabeko adierazpen publiko antzuetan sartuko”. “Erabakitzeko eskubidea defendatzen dugun alderdien arteko liskerrak ez digu inongo mesederik egiten; gizartean deskontzertua sortzen du eta Euskal Herriari etorkizunaren jabe izatea galerazten dioten alderdiak (PSOE eta PP alegia) elikatzen ditu”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna