Joseba Azkarraga, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako Sailburua

Bai, Julio, baduzu zer eginik. Franko, gainera. Zure lekukotzak hori egiaztatzen du. SOS dei bat egin diguzu zure filma ikustera aurrejuzgurik gabe joan ginen guztioi, eta bidezkoa iruditzen zait zuri erantzutea. Oraingo honetan, ez dut zure lana goraipatzeko idazten, zure zintzotasuna defendatzeko baizik; izan ere, tamalgarria da batzuek duten gorrotoak ekarri duena, egia bakarraren jabetzat dute euren burua eta ahoa estali nahi diete bestelako iritzia ematen ausartzen diren guztiei.

Zure deiadarrak nahigabea eragiten du, zure gardentasuna ikusi nahi ez duen jendeak sortzen duen ezintasuna islatzen duelako, benetan entzun nahi ez dizutelako. Bost axola zaie zure sufrikarioa, eurena soilik ikusten dutelako. Haien sufrikarioa ere nahigabe hutsa da, ados. Izugarria, ados. Baina haiena bakarrik al da? Haien errukitze ahalmena ez doa haien itzaletik haratago. Babes mezu honek zure kontrako eraso zaparrada gaitzetsi nahi du; zaparrada horren unerik gorena gaurko dago iragarrita, gainera. Euskal Herriak eta herritarrok oinaze handia daukagu dagoeneko: ez dago atsekabe modu gehiago sortzerik. Horregatik, ez da harritzekoa zuk jendeari zentzua eta sentimenduak erreguka eskatzea. Sentimendu onak eskatzen zenizkien zure kontrako boikotaren sustatzaileen artean nor direnei. Indarkeriaren biktimak tinkotasun osoz babestu eta besarkatzeak ez gaitu behartzen haien gisan pentsatzera. Ez du esan nahi, zuk ondo diozun moduan, egia edo arrazoi erabatekoa haiena denik. Jakina, biktimek arrazoia dute. Arrazoi ugari dituzte gorrotatzeko. Halere, zera pentsatu nahi nuke: badutela arrazoirik, era berean, eurek tamalez izan ez duten etorkizuna desiatzeko eta lantzeko.Etorkizun hori, nire ustez, hainbeste txikizio eta min eragin dutenek barkazioa eskatuta bakarrik lortuko dugu. Eta, modu berean, biktimak barkazio hori onartzeko gai agertzen diren heinean. Prakak bete lan duzu, Julio, etorkizuneko egun hori hel dadin. Halaxe gertatzen zaigu, halaber, ardura politikoetan gaudenoi ere. Eta halaxe gertatzen zaie, nola ez, gure herriak bestelako etorkizuna merezi duela pentsatzen duten herritar guzti-guztiei. Indarkeriarik gabeko etorkizuna behar dugu, sortzaile guztien lana bere hunkitzeko, eraldatzeko eta bihotza ukitzeko ahalmenagatik neurtuko duen etorkizuna. Ez dugu pentsaera bakarrik nahi, ezta neurri arraro eta sektariorik ere. Aurrera, Julio.
Jatorria: Joseba Azkarraga