Eusko Alkartasunaren ustez, Auzitegi Konstituzionalak azaroaren 9ko kontsultarengatik Artur Mas, Irene Rigau eta Joana Ortegari ezarri dien zigorra Estatuak Kataluniako prozesu subiranistaren aurka martxan jarri duen estrategiaren barruan kokatzen da, berau “lehertu eta zilegitasuna kentzeko” helburuarekin. Alderdi abertzalearen iritziz, Estatu espainiolean “ez dago botereen arteko diferentziarik, Botere Judiziala eta Botere Betearazlea erlazionaturik daude”. Zentzu horretan, EAk gehitu du gizarteak “politikaren judizializazioaren adibide berri bat” bizi dela.

EArentzat “paradoxikoa” da bere burua demokratatzat jotzen duen Estatu batek ordezkari publikoak zigortzea “kaleetan hautestontziak jartzeagatik, gizarteak zer izan nahi duen eta zer bide hartu nahi duen erabakitzeko helburua zuen kontsulta batean”.

Halere, alderdi abertzale eta sozialdemokratak baieztatu du herri katalanak “heldutasun demokratiko handia duela” erakutsi du eta “nahi duen estatusa lortzeko bidean Estatuak jarriko dizkion oztopo guztiak gainditzeko gai” izango dela.

Azkenik, Eusko Alkartasunak Mas, Rigau eta Ortegari bere babesa adierazi die: “Herriari hitza ematea ezin daiteke inondik inora norbait epaitzeko eta zigortzeko argudio izan”.