Gaur arratsaldean, Vitoria-Gasteizen, izandako ekitaldi hunkigarrian, Carlos Jiménez Villarejo fiskalari “Manuel de Irujo” saria eman diote lehendakariak eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak.

Ekitaldian, fiskalaren ibilbideaz hitz egin du Joseba Azkarragak, eta beste bertute guztien gainetik, haren “onestasuna” goraipatu du. “Carlos Jiménez Villarejok frankismoaren garaian ukatzen ziren giza eskubideak babesteko erabakia larrutik ordaindu zuen bere karreraren hasieran, eta amaieran, berriz, inolako begirunerik gabe baztertu dute”.

Azkarragak nabarmendu duenez, “Manuel de Irujo” saria Jiménez Villarejori emanez “haren ardurak gauzatzerakoan erakutsitako duintasuna publikoki goraipatu nahi dugu”. “Bartzelonako fiskaltzan erakutsi zituen lehenik. Han, beste hainbat lankiderekin batera, aitzindaria izan zen Justizia Administrazioa hobetzeko ekimenak sustatzerakoan eta, horren ondoren, ildo beretik jarraitu zuen Ustelkeriaren aurkako arloan, delitu ekonomikoak irmotasunez salatuz”.

“Haren gaitasuna eta sinesmenak ezin dira zalantzan jarri —gaineratu du Azkarragak—. Haren lanean —eta hortik kanpo— demostratu du, era guztietako plazetan, bidegabekeriak eta desberdintasunak salatu dituen guztietan. Horren ildotik, paradisu fiskalen, atzerritartasun legearen eta gure gizartean torturatzearen aurka Jiménez Villarejok egindako kritikak ekarri ditu gogora.

Jiménez Villarejok Fiskaltza Bereziaren buruzagitzan egindako ahaleginak Europako Kontseiluaren Ustelkeriaren aurkako Estatu Taldearen jende aurreko gorespena jaso zuen (talde horrek, Nazioarteko Finantza Ekintzarako Taldeak, mundu osoko kapitalen garbiketaren aurkako borroka koordinatzen du). Horrez gain, Justizia sailburuak adierazi duenez, munta handiko ustelkeria salatzen duen eta nazioarteko komunitatea finantza delituen aurka elkartu nahi duen Parisko Adierazpenaren alde egin duen lanak “argi uzten du jurista konprometitua dela, eta horren adierazgarria da, baita ere, Attac herritar-erakundean duen partaidetza”.

“Manuel de Irujo” saria aurreko bost edizioetan jaso dituztenak gogoratuz eta goretsiz amaitu da ekitaldia. “Denak dira —esan du Azkarragak— sari honen historiaren osagarri; izan ere, Manuel de Irujo bikainak defendatu zituen printzipioei jarraituz, sari honek demokraziaren aldeko borrokaren adierazgarri izatea du helburu”, adierazi du amaitzeko.

Jatorria: Joseba Azkarraga