Jesus Mari Larrazabalen hitzetan, “okerra zuzendu arren, Mahaiko presidentea eta PSEko kideak barregarri geratu dira argi eta garbi”

Legebiltzarreko Mahaiak iragan astean huts egin zuela aitortu eta Eusko Alkartasunak Etxebizitza sailburuari eginiko interpelazioa galdera zeinua ez izateagatik atzera botatzeko erabakia okerra izan zela onartu du. Era horretan Arantza Quiroga Mahaiko presidenteak eta PSEko kideek agerian utzi zuten, batetik, gramatika eta ortografia arauak ez dituztela ezagutzen eta, bestetik, legealdiaren hasieratik erakusten ari diren oposizioaren lana oztopatzeko grina.
Aste honetako bileran, Mahaiak EAk aurkeztutako berraztertzeko idazkia onartu du eta Etxebizitza sailburuak babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurak aldatzeaz dituen asmoei buruzko interpelazioa tramitatu du. Mahaiaren erabaki honen harira, “akatsak zuzentzeko gaitasuna normalean jakinduriarekin lotzen den arren, zuzenketa honek agerian uzten du oposizioko taldeen lana oztopatu nahian Mahaiko presidentea eta PSEko ordezkariak barregarri geratu direla”, adierazi du Jesus Mari Larrazabalek.

Jatorria: Eusko Alkartasuna